Soroak zor du larrea

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Kereta
:  Adar, kanabera, makil, zarba edo egur arinez egindako atea,... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Baso landatuak

0,97 segundo
2018-12-02  |  Jakoba Errekondo

Gure etxe gaineko mendian baso zabalak ditu Aitzondo baserriak. Zuhaitzetan nabarmena du sail bat, batez ere orain udazken minean. Itsasotik enbata sartu eta mendian behera laino kiribil bihurriak jaisten direnean zuhaitz zorrotz horien muturrak lanbrodura artean ageri dira, hori. Ez da iritsi zaharra gure lurretara tuliperoa; Ameriketatik ekarri genuen, eta han Virginiako tuliperoa esaten diote, Liriodendron tulipifera.

Atentzioa ematen duen zuhaitza da tuliperoa. Hel diezaiogun izenari. Liriodendron generoarena grekotik hartutako bi hitzekin osatu zen: leirion (lirioa) eta dendron (zuhaitza). Lirioak ematen dituen zuhaitza. Espeziea zehazten duen abizenak, tulipiferak, bi hitz uztartzen ditu, Tulipa izena –idi-bihotzen generoa adierazten duena– eta -fer amaiera, “sortzen” edo “gainean duela” esan nahi duena. Izan ere, zuhaitz honen ezaugarri ikusgarriena zera da, lorea ugari samar ematea, formaz idi-bihotzen tankerakoa baina tamainaz dezente handiagoa. Izenak zein abizenak lorealdi deigarria aipatzen dute. Urteroko ikuskizuna badu ere motxa da, laburra. Hori baino gehiago da, ordea, tuliperoa.

Hostoak ere bereziak ditu, mutur-motz tankerakoak dira. Hosto jendeak gehienetan erdiko zainaren amaieran erpin gutxi-asko zorrotza izan ohi du. Tuliperoarenak ez, maketsa balu bezala bi erpin ditu zainaren alde banatara, eta sekula ikusi gabekoa baduzu, atentzioa emango dizu. 

Zuhaitz handia da tuliperoa. Berezko bizilekuan, Ipar Amerikako ekialdean, 60 metro arte luza daiteke 3 metroko diametroa izan dezakeen enborraren gainean, eta bakerik badu, 500 urte inguru bizitzen da. Karelurrak ez ditu biziki maite; ura asko gustatzen zaio, baina lur astunak eta itoak ez; eguzkizale amorratua da, eta -30º C arteko izozteak eramateko gai da.

Amerikako Estatu Batuetan oso preziatua da bere zura. Iraupen luzekoa ez bada ere, erabilera ugari du: moldadura, altzari, ate, armairu, lekedatutako habe ijeztu, estalki, kontraxaflatu... Zur arina da 449 kg/m3. Diotenez, 0,97 segunduro tulipero zur metro kubo garbi bat sortzen da, izan ere hainbeste dago hango basoetan.

Gure lurralde hezeetan urteak dira berarekin saioak egiten ari direla. Zura bigunegia duela-eta ez da oso preziatua, baina egungo egoerara etorrita, ikuskizun da bere etorkizuna.