Baratzea beti da galera multzo baten artean garaipen gutxi batzuk, bizitza bera bezala May Sarton

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Hauts
:  Ongarri minerala, zenbait tokitan
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Espezieak

Pinu azkarraren koloreak
2018-11-04  |  Jakoba Errekondo

Pinuaren panorama belztu da, batez ere insignis pinuarena (Pinus radiata). Pinu beltza edo pinu azkarra ere deitzen zaio. Pinu beltza, izan ere, bera hazi izan den mendien paisaia belztu egin baita; urte guztiko sasoi guztietan beltzak dira pinu horren pinadiak. Urruti-urrutitik urdinak diren itxura egiten dute, baina hori ilusio bat da, lilura bat; ispilatze baten antzekoa da; urrutira, izan ere, mendi eta zuhaizti guztiak urdinak dira. Begieran duzun paisaiari begiratu eta urrunen den lurraldea urdin ikusiko duzu, beti. Horrexegatik lur sail ttiki batean handiagoa den itxura sortu nahi baduzu, jarri mugan landare urdinak, benetan urdinak diren zuhaitzak, adibidez.

Urdinaren itxura eginagatik ere, are gehiago belztu da pinu beltzaren panorama. Belztu, baina baita urdindu ere. Uhertu eta turbustu zaio bizimodua pinu beltzari. Beltzari urdindu zaio etorkizuna. Izan ere, urdintzea akabera da. Urdintzen dira ilea eta bizarra. Urdintzen da ogia lizunetan loratzen edo mutxitzen denean. Urdintzea deitzen zaio grisa jartzen denari.

Datorren margotik datorrela, gristen dena bukatzen hasten da, akaberarantz doa. Nor direnetan grisa hitsa ere bada. Histu da pinu beltza. Goibeldurik izango dira bere ama eta amona pinuak, beltzak haiek ere. Beltza gristu. Ahuldu, eskastu... Eskasten ari da pinu beltza. Eskastu desagertu ere bai baita. Eskastu hil ere bai baita. Eskastu galdu ere bai baita. Eskastu desagertu ere bai baita. Eta ezin eskastuzkoa, saihetsezina, nahitaezkoa, halabeharrezkoa.

Berdea, beltza, urdina, grisa; kolore mordoxka bere egiten ari da pinua, pinu beltza. Baina gorriak zain ditu. Gorriak eta gorriagoak ezagutu eta igarotzeko dago oraindik. Pinu beltzak gorrituta ikusten ditu aldameneko pinuak, bere buruari ezikusiarena eginez. Izan ere, ederki asko daki, aspaldi, aspaldi hasi zela bere kastaren, eta tartean bere gainbehera. Badaki lurreko onddoak eraso ziola, bere amari eraso zion bezala. Eta badaki azkenaldian airez etorritako beste onddo batzuk hostajea erasotzen ari zaizkiola, hasieran hostoetan orbantxo batzuk sortuz, gero hostoaren buelta guztia itoz eta, amaitzeko, hostoa gainetik kenduz. Bere bihotzeko hostoa, jakia sortzen dion hostoa, zeina gabe hiltzea besterik geratzen ez zaiola dakien hostoa. Hostorik gabe eraitsi egingo da, eta ahuldutako egurrean onddo zuri eta horiak loratuko dira, pinu azkarraren ortzadarra borobilduz.