Bizitza osorako zoriontasunaren bila bazabiltza, baratze bat zaindu Esaera txinatarra

Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Baratxuriak itsasoa du maite
2018-10-21  |  Jakoba Errekondo

Baratxuriaren sasoia hemen da. Baratxuria ereiteko sasoia. Bere uztarena geroago izango da, eta hura buruan ekin behar lanari. Burua buruan, baratxuriarena zeurean. Baina denok ez dugu baratxuriaren burua helburu. Gero eta maizago ikusten da baratzeetan berdetarako ereindako baratxuria. Baratzeetan eta lorontzietan ere bai. Baratzegintzari ekiteko landare errazenetakoa da baratxuria. Terrazan, balkoian, leiho-koskan ontzi ttiki bat nahikoa da; baratxuri burua oso osorik hartu eta lurpean sartu, doi-doi lurrez estalita. Laster ikusiko duzu buruko ale bakoitzetik sortuko den kimua. Kimu horiek hosto luze-luzeak bihurtuko dira, eta, berde-berde eta guri-guri daudenean, buru osoa lurretik atera, garbi-garbi egin eta zartagira. Etxeko baratxuri berriak.

Udazkenean sartu ordurako ereiten hasi eta udaberrira arte ilbehera oro buru batzuk erein; gero, etorri ahala, txandaka-txandaka jateko. Negua eta udaberria gozatuko digun gutizia da. Hotza eta eguzkia gustatzen zaizkio; hotzak erroarazten du, eta, zenbat eta eguzki gehiago, baratxuri hobea. Sustraiak lehorrean izatea atsegin du: lur harroan edo ildo-bizkarrean eta ontzian badago, azpiko platera kenduta, gehiegizko urak erraz alde egin dezan. Baratxuriak itsasoa ere maite du, eta hango arrainen edota gorbelen hondakinak beretzako ongarri aproposak dira; baita errautsa ere. Lurra harrotuko dute, eta landaretxoak behar dituen elikagaiak eman. Batez ere dasta eta lurrin finak erantsiko dizkioten elikagaiak. Garai batean arrain eta gorbel ongarria ohikoa zen portu inguruetako soro eta baratzeetan. Egun batzuetako kiratsa gorabehera, dasta ederreko uztak jasotzen ziren. 

Dendan eskuratu dezakezun ez dakit nondik ekarritako, ez dakit zenbat eskutatik igarotako baratxuri zakar garratzaren aldean, etxean egindakoa, bildu berritan jandakoa ustekabeko agerkundea da, bikaina: fina, konplexua, berde eta fruitu lurrinekoa...

Bueltan datoz ongarri naturalak eta horien artean gorbelekin egindakoak boladan dira, indartsu. Berriz ere entzungo da: “baratxuria baino finagoa” edo “baratxuria baino zindoagoa”.


Zurea bidali