Urrila urri, ilunabarretan igarri

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Hauts
:  Ongarri minerala, zenbait tokitan
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Espezieak

Atlantikoa eta Mediterraneoa
2018-10-14  |  Jakoba Errekondo

Euskal Herri atlantiarreko lurretan uzta handiena dakar udazkenak: artoa, babarruna, kuia, sagarra, intxaurra, gaztaina eta abar. Fruitu eta hazi horiei ahalik eta luzeen onik eustea izan da nekazarien lanik zailenetakoa. Udazkena bera eta batez ere negua gozatuko duten jakiak dira. Ondo helduta behar den sasoian bildu, mailatu gabe, zauririk egin gabe, ondo lehortu eta ahalik eta luzeen iraunarazteko toki egokienean jaso: iluna, haizeberritzen dena, hotza eta lehorra.

Gure negugoa elikatu eta gozatuko duten uzta horiek beste batzuena ere osa dezakete. Har, zomorro eta gurgurio asko ibiliko da goseak jota zer jan topatu ezinik. Onddoek ere bazka behar dute negualdian. Horiek denak gure uztaren biltegietara ez iristea, eta iritsiz gero ahalik eta azkarrena uxatzea da helburua.

Ereinotzak edo erramuak lagunduko digu. Kanarietako La Lagunako Unibertsitatean ondu duten lan batek dioenez, erramuak dituen olio esentzia aromatikoek hiru lan egiten dituzte jaki biltegietan: intsektuen erasoa mantsotu, onddoen ugaltzeari eutsi eta laboreak badira aleen ernetzea geldiagotu. Han badute berezko ereinotz bat, Laurus novocanariensis. Horren eragina ederki neurtu dute arkeologoek mila urte dituzten bihi-biltegietan: aleak babesteko ereinotza jartzen zuten tartean. Uharte horietan eta Makaronesia osoan erramua nagusi den baso ekosistema bereizi bat dute, laurisilba deitzen dena, “erramuaren basoa” alegia. Baso horren tankerako arrastoak ditugu gure lur atlantiarretan, baina geurean erramu arrunta dugu, Laurus nobilis mediterranearra alegia.

Gure kultura ez da erramuzalea, mediterranearrek askoz gehiago erabiltzen dute. Baita txingurriak, arropako sitsak, pipiak eta abar uxatzeko ere. Etxea babesteko kristauek erramua bedeinkatu egin behar dute; geure atarietan jartzen diren lizarra (Fraxinus excelsior) eta elorriak (Crataegus sp.) berez dira “bedeinkatuak”. Klima mediterraneartzen ari zaigun honetan, agian uztaren onerako behinik ere ikasi egin beharko genuke eta ereinotza etxekotu. Izan ere uzta salbatzen duelako gurtuko dute ziur aski, eta guk txapela jartzen diogunari han ereinotz koroa edo erramu boneta jarri. Hala ere, uzta hori jateko orduan lapikora ereinotza sartzera iristea kostako zaigula iruditzen zait. Izan ere, kultura atlantiarra da geurea. Boneta artilezkoa.