Martxo eder eta lehorrak upelak betetzen ditu

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Kereta
:  Adar, kanabera, makil, zarba edo egur arinez egindako atea,... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Lorategia  >  Loreak

Udara tronpetazalea
2018-10-07  |  Jakoba Errekondo

Lasaitu ederra hartu dut egun argia baino gaua luzeagoa egin den egunean; eta poztu sei hilabete horrela izango ditugula jakinda. Uda ederra joan dela ezin uka, baina udazkenari usain hobea hartzen diot. Landareei udazkenaren iritsierarekin “klak” egiten die buruak. Ordu ilunak argiak baino gehiago dira, eta segidan etorriko da negua. Hotzak etorri aurretik haziak zaildu egingo dituzte, janda edo larru-ilean itsatsita baten batek hara-hona heda ditzan. Horretarako fruituak onduko dituzte; uzta sasoi nagusia da. Horiek udazaleak izan eta bere zikloa uda partean osatzen duten landareak dira. Beste batzuk, hotza eta egun laburrak baliatzen dituzte zikloa osatzeko. Gustuko dituztelako edo behartuta, gainean dituzten beste landareek hostajea galdu eta argia hartzeko urteko aukera bakarra dutelako. Negua profitatzen duten landare horiek orain ari dira kimu berriak irekitzen; bigarren udaberria da. Makina bat aldiz irakurri-entzungo zenidaten Euskal Herriak bi udaberri dituela.

Bi udaberrien arteko udara tronpetazalea da, amorratua. Tronpeta musika tresna eskandaloso samarra iruditu izan zait beti. Herriko jaietan edo Tolosako ihauterietan txarangarekin aurrera-atzera ibiltzen ginenean bezala, orkestra handienean tronpeta nabarmen entzuten denean. Eskandaloso samarra. Ba Joseph Haydn edo Anthony Plog baino tronpetazaleagoa da udara. Agian horregatik ez naiz ni udazalea. 

Udazkenari ongi-etorria egiteko egunean, sagastien paisaietan barrena ibilalditxo bat egin dugu Oihana Iguaran eta Andoni Egaña poeten bertsoaldiak entzunez. Bero zen eta zuhaitzen eta ereinotzen itzaletan, gozo eta samur aritu ziren beren musika sortzen. Inguruan, eskandalua zen nagusi: tronpeta. Tronpeta formako lore deigarriak han eta hemen. Udari agur esan ezinik, luzatu nahian, tronpeta-loreak ageri-agerian harro erakusten zituzten gau-loreak (Mirabilis jalapa), lurruntzak edo ezkerte zuriak (Calystegia sepium), oeneterak (Oenothera biennis), heriotzorriak (Nerium oleander), petuniak (Petunia x hybrida), Siriako arrosak (Hibiscus syriacus), kuia luzeak (Cucurbita moschata) eta ipomea gorrindolak (Ipomoea purpurea). Eskandalua izugarria zen eta tartean gehiago ere izango ziren...

Orain, ordea, beste musika bat dator. Isil bitez eta ezkutatu tronpetak.