Berezko joera, arraia urera eta satorra lurpera

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (21:00ak arte)
Gaurko hitza
Lokatu
:  Txitak ateratzeko oiloa 21 egunetan kieto izaten da arraultzak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Fruituak  >  Fruitu arbolak

McIntosh sagardoa
2018-09-30  |  Jakoba Errekondo

Egia esanda, gure etxeko sagastietatik kanpo, ez dut Euskal Herrian beste inon ezagutzen sagar aldaera hau. Istorio luzea du, irakurtzeko hobe duzu esertzea.

Gure amona, Joxepa Aizpurua Irazu zena, gero Aizpurua Sagardotegia izango zenean jaioa zen. Aurrez ere dolare-baserria izan zen, baina gerora, duela ehun urte inguru, orduko sagardotegirik aurreratuenetako bat izan zen, Zubietan, Usurbil aldamenekoan. Bere anaia Danielek eratu zuen sagardotegia, baina gerra zela-eta alde egin behar izan zuen. Bueltatu zenean berriro ekin zien sagastietako eta sagardotegiko lanei.

Sagarretan ere tarteka izaten da ezurtea, esaerak hala dio “ezurtea, ez sagar eta ez ezer”. Sagarrik ez den urtea azkenekoa da ia pitarra eta sagardoa soilik edaten diren lurraldean. Frantzian eta Asturiesen sagardogintzan gertatzen ari ziren aldaketak eta berrikuntzak ezagunak zituen Danielek. Ez dakit ezurtea zelako edo proba edo saio bereziren bat egin nahi zuelako, lehengo mendeko 40ko hamarkadaren amaiera aldeko udazken batean, Asturiesen sagar jakin baten karga mordoxka bat erosi eta ekarri zuen. Egurrezko fruitu kaxetan txukun-txukun trenez etorri zen Txikierdiko geralekura. Handik galeran edo karroan dolarera. 6.000 litro inguruko upela bete zuen sagar haien muztioarekin. Zenbaiten iritziz, sekula edandako sagardorik onena eman omen zuen. Garai hartan ere, monobarietala edo sagar aldaera bakar batekin egindako sagardoa. Gaur egun, etorkizun handiko bidea igartzen zaio aldaera bakarrarekin egindako sagardoari. Are etorkizun oparoagoa izango du, sagardo hura bezala haritzezko (Quercus robur) upelean ondua izango denak; denbora izango da lekuko.

Handik hogeita hamarren bat urtera, Danielen ondorengo hiru joan ginen Asturiesera, sortu asmo genuen sagasti berrirako mentu bila. Garai batean hain emaitza sonatua izan zuen sagar aldaera hori ere ekarri genuen, noski. Sagasti horretan dago sagar aldaera hori, oraindik ere.

Sagar aldaera horrek eman dio izena gaur egungo mundu mailako negozio handienetako bati, “sagarra” izenez ezagunak diren ordenadoreak, ingelesezko apple alegia. Eta sagar aldaera McIntosh da, Malus domestica “McIntosh”, motzean “Mac” esaten diogun hori. McIntosh sagardoa.