Intxaur urte, elur urte

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Ilgora
:  Ilargiak bere orbita egunetik egunera gero eta gorago egiten duen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Bestelakoak

Sagardoaren emakumeak
2018-09-16  |  Jakoba Errekondo

Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis), sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera)... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun bihurtu arte.

Nire ustez, fruitu eta haziekin edari alkoholdunak egitearen arrazoi nagusiak bi izan dira. Batetik, uztak kontserbatzeko era bat da: alkohola iraunarazle edo kontserbatzaile denez, fruitu asko zenean gerora eta ondotxo gerora ere fruitu horiek alferrik galdu gabe izateko era bat da. Bestetik, urak gaitzak eta izurriteak kutsatzen dituenean, hartzitu eta alkohola duen edari desinfektatuak balio handia du osasunerako.

Basatiak edo landutakoak, eskuera ditugun fruitu naturalekin egindako edariak elikaduraren eta osasunaren aldetik osagarriak dira: elikadura osasuntsua. Eta nor arduratzen da gure kulturetan familiaren eta klanaren elikadura osasuntsuaz? Ba emakumea!

Garai bateko hieroglifo, ikono eta imaginetan edari hauek egiten azaltzen direnak denak emakumeak dira. Edari horien sorkuntza eta zaintza bere esku zegoen, eta maiz naturarekin lotzen zituzten jainkosen gurtzaren parte ziren. Naturala da, fruitua emea da, emankortasuna...

Bi indarrek baztertu dute emakumea hartzidura horietatik. Lehena, edari horiek izateak eta gozatzeak dakarten pozarekin eta osasunarekin sekula bat etorriko ez diren ustezko erlijioen elizek sorginkeriekin lotu zituzten. Eta bigarrena, edariak, etxerako zirenak, negozio itzela bihurtu ziren, etxeko lana zena diru sorburu, alegia; eta hori ezin eraman zuten hagintari gizasemeek...

Elikadura osasuntsuan emakumeak agintzea ondo dago, bale. Baina plazer eta gozamenetan eta diru kontuetan manamentua izatea, hori ez, hori bai ezetz! Gizasemeek hagin makilarekin eta haginkadaka hagindu behar dute hor, jakina!

Sagardoaren eta ardoaren munduan antzeko bilakaera izango zela usaintzea ez da zaila. Historialariek azaleratuko dute. Pierre Errostegi de Lancre inkisidoreak 1609an horrela deskribatu zuen Euskal Herria: “Sagarrondoen herria da; emakumeek sagarra besterik ez dute jaten, sagardoa besterik ez dute edaten eta beti prest daude tentazioaren sagarrari kosk egiteko”. Gizaseme kristau antzutzaileen ezin eramana. Eskerrak horren buelta ikusten ari garen; emakumeen esku dauden sagardotegi eta ardo upategi gero eta gehiago dago. Sagardoaren eta sagardozaleon onerako! Ardo txurruteroek zuek esan...