Kanpo larrosa, etxe kardu

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Polinizazioa
:  lorearen aieka arrak sortzen duen polena aieka emera iristea. Haizeak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Espezieak

Lasaigarri
2018-07-29  |  Jakoba Errekondo

Lehen pasean soilik ikusten genituen, baina egun bizikide gero eta ugariagoak ditugun uso-tortoilen urruka eta urruma artean ari naiz. Belarrietako jolasa ezkien (Tilia spp.) azken loreen usainak janzten du. Ekaitzean, trumoi artean. Urtea gainbehera abiatu den seinale, eguna laburtzen ari da: ale honen datarako daborduko 46 minutu ilundua da.

Egunik laburrenak dakartza gogora sasoi beroen honek, eta ordurako biltegia hornitu behar. Bilketa eta jasotze garaia da. Gure etxean nabarmena da. Lagun flandriar bat etorri zaigu, eta erabat harrituta hor aritu da belar txorta bildu berriak miatzen: mendazuria, mendaurdina, inuntzia, peldoa, batana, ahamenta, astamenda, aizpatana, kukuso-belarra, ardi-bedarra, baxaranatzea, basa-menda edo mendaza (Mentha x rotundifolia), txortaloa (Mentha pulegium), berbena-belarra, berdana, berdan-belarra, izusta, ihitzi-belarra, irontzi-belarra edo inuntzi-belarra (Verbena officinalis) eta pasmo-belarra, izugeslia edo amorru-belarra (Anagallis arvensis). Belazeak lehortzen diren hurrengoan larranbiloa, larmina, lili-bitxia edo kamamila (Matricaria chamomilla) bildu beharko dugu. Udazkenera arteko lana izango da: bildu, lehortu eta jaso.

Ez gara aritu zaharrak lagun batentzako ezkia, ezkua, astigarratzea edo zariaren (Tilia spp.) loreak biltzen. Udaren hasiera dakar ezkiaren loreak, eta gure lagun horrentzat ez da usain hobea duen lorerik. Zuhaitz handiak dira ezkiak, eta, basoan bezala, kale eta parkeetako ezkidiek urrutira hedatzen dute bere urrina. Egun bero eta lehorretan urrin-laino horretan biltzen dira, ireki berritan. Ahal den azkarrena ondo lehortu eta jaso behar da. Horretarako ahalik eta ilunena den tokia erabili. Sare edo gaza baten gainean xabal-xabal eginda jarri eta lehortutakoan ondo itxitako ontzian jaso, urrinari ahalik eta luzeena euts diezaion.

Lasaigarria da ezkia; nerbioak lasaitzen eta arnas aparatuko gaixotasunak arintzen ditu. Lasaigarria da, baita ere, belarrak eta uztak etxeratuta izatea. Ospatzeko, dasta ezazu ezkiaren lorearekin egiten den perfumeren bat; ez zara damutuko, eta udaren hasieran izango zara egunero.