Abuztuaren erditik aurrera eguna moztu eta euliak zorroztu

Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Gaitzak eta izurriteak

Ux, ux, gaitz eta izurrite
2018-07-15  |  Jakoba Errekondo

Landareen intsektuek sortutako izurriteak akabatu nahi ditugunean xaboia laguntzaile ona dela esan eta esan gabiltza. Intsektuek ez dute guk bezala gorputzari eusteko barruko eskeletorik. Barrunbeak eta erraiak soilik dituzte soinaren barruko aldean eta kanpoko azal gogorra da beren eskeletoa; “exoeskeletoa” deitzen zaio. Azal hori da intsektuen babes nagusia, eta funtzio ugari du: giharrei eustea, arnasketa egitea, hidratazioa kontrolatzea eta abar.

Xaboiarekin bustitakoan intsektuaren azala ahultzen eta hondatzen dugu; bera babesten duen koipea kentzen du, eta, ondorioz, arnasteko arazoak izango ditu, deshidratatu egingo da, eguzkiak erredurak sortuko dizkio. Era berean, bustitzeko xaboiari intsektizidaren bat eransten badiogu, azal ahulean barrena errazago sartuko zaio barruraino.

Xaboitik nahi adina dago, baina egokiena xaboi potasikoa edo xaboi beltza da. Xaboia egiteko gantza edo koipea eta base bat nahasten dira; “saponifikazioa” deitzen zaio. Gantza, koipe eta olio ugari erabiltzen da, baina basea, gehienetan, soda edo potasa izan ohi da. Sodaren oinarria sodioa da, eta potasarena potasioa. Sodioa elementu zakarra da lurraren bizitzarako. Potasak, berriz, xaboi ahulagoa ematen du, eta, era berean, potasioa landareendako janaria da. Beraz, xaboi bat edo bestea erabilita, landarearen azpiko lurra hondatu edo elikatu egingo dugu.

Xaboi potasikoa egitea erraza da. Landare olioa da oinarria, eta horri errautsa edo potasa erregarria erantsiko diogu. Lehena leunagoa da, eta ekologikoagoa; izan ere, urak eta eguzkiak erraz desegiten dute. Ekin diezaiogun ba! Jarri litro bete ur metalezko (ez aluminiozko) ontzi batean, eta gehitu egur errautsa, kilo erdi bat gutxi gorabehera; ondo nahasi eta egun pare batez utzi. Urak potasio karbonatoa hartu behar du; horren kontzentrazioa neurtzeko, sartu patata bat, erdia uretan erdia airean geratu behar du. Behera badoa, nahasi errauts gehiago, eta utzi beste bi egun. Patataren proba ondo atera arte. Orduan, gehitu litro bete olio, pixkanaka nahasiz, ore bat egin arte. Labean ondo berotu loditu arte. Xaboi eraginkorrena pH-a 8-9 artekoa duena da. Handiagoa badu, jaitsi limoi zarrastada batekin. Erabiltzeko, nahasi pixka bat urari eta ondo busti landarea alde guztietatik, goi eta behe, ezker eta eskuin. Intsektuak akabatu eta gaitzak ere uxatuko dituzu, ux-ux!