Haltzari ez eska fruiturik

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Ilgora
:  Ilargiak bere orbita egunetik egunera gero eta gorago egiten duen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzea/Ortua  >  Gaitzak eta izurriteak

Baratxuri giroa
2018-07-08  |  Jakoba Errekondo

Gorrin sasoian gaude. Gorrina, mildiua, gorriena, gorria, elgorria, herdoila, ugerra, suherreta, izen ugari jaso dugu oinordetzan, baina zikulu saltsa ederra dugu gaitzak behar bezala izen jakinekin lotzen.

Hala ere, gorrin sasoian gaude. Aurtengo lehen ia sei hilabeteetako eurite amaigabeak puska baterako hezetasun gorena lotuta utzi du. Eta okerrena orain dator: beroa. Bat-batean giro fresko samar batetik urteko bero handienetara igaroko gara, inolako egokitze tarterik gabe. Izan ere, urteko egunik luzeenetan gara, eta eguzkia bere orbita garaienean dabil, irribarreari eutsi ezinik... Horrek onddoen eta perretxikoen eztanda ekarriko du. Baita landareetan gaitzak sortzen dituztenena ere. Beroa eta lurra etengabe ura lurruntzen, landareen gaitzak eskuak pozez igurzten ariko dira. Hain zuzen landareek urteko hazkuntza handiena izaten duten sasoiaren amaieran.

Orain eguna laburtzen hasten denean landareek hazkuntza ahaztu eta ugalketari begiratuko diote. Udaberrian hazitako adar, zarba eta mastrak ahulak dira, hazi eta hazi biguin eta guri daude. Hemendik atzera, luzatutako puja horiek zaildu egingo ditu, eta horietan sortzen dituen elikagaiak fruituak haztera eta ontzera bideratuko ditu. Zaildu bitarte horretan, gaitzek pagotxa izango dute. Gorrinak eta ez direnak, hautsa, hauts-berretxikoa, herdoa, herdola, zolda, ugalatza, zurina, zuriteria, añoa, ludoia, ikatza, ilintxa... Kupitzen al ditugu landareak!

Landarek, ordea, ez dute errukiaren berririk. Hel diezaiogun, beraz, baratxuriari, Allium sativum. Sukalderako bezala baratzerako lagun ederra da. Gaitzak sortzen dituzten onddoen aurkako aliatu leiala. Baratxuria egosita prestatzen da: txikitu libra bat baratxuri, bost litro uretan jarri, irakitera eraman eta ordu erdi batez su motelean eduki gozo-gozo, jarri tapa eta 12 orduz utzi, iragazi eta zuzenean erabili. Ez da kontserbatzen.

Busti gaitzik hartuko duen susmoa dugun landarea, eguzki galdatan ez dagoela, betiere. Gaitza harrapatu duenari kendu hostorik hondatuenak, eta busti zortzi bat egunez, egunero, goi eta behe, azpi eta gain.

Esaerak hala dio: baratxuria gaitz guztien kontrakoa.