Intxaur urte, elur urte

Bizi-baratzea

Fruituen eguna (17:00ak arte)
Gaurko hitza
arbazta
:  Sua pizteko oso onak dira arbaztak. Banabarrari eusteko ibiltzen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Egurra eta zura

Eskalapoin-aroa
2018-06-10  |  Jakoba Errekondo

Eguraldiaren kontuak amaitu dira; ura, ura eta ura. Zertaz hitz egin igogailuan edo autobusaren geltokian? Ez dago nobedaderik eta beste zerbaiti tiraka hasi behar kontu kontari. Eguraldi txarra omen den honen abantaila, pentsatu egin behar... Lokatza bueltatu da lurraren inguruan aritzen garenon egunerokora, Eskalapoin-aroa! Eskalapoi edo kalotxa, kloska, traskoa, txokoloa edo zur-oskia.

Eskalapoiak ez ditut ezagutu etxean, baina bere izena belarrian dut, guretzat eskalaproiak dira, bere aipamena ohikoa genuen adierazle. Sekula ez dut jakin izan zein zurarekin egiten ziren zurezko oski horiek. Bi baldintza eskatuko nizkioke nik horretarako zurari: arina izatea eta lantzen erraza, biguina alegia. Eskalapoingileak garai batean basoan bertan, zuhaitza bota eta bertan egiten omen zuten lehen lanketa, zura berde-berde hezea eta gordina, izerditan zelarik. Gero bukatuko zituzten etxeko lantokian.

Juan Garmendia Larrañagak 2007an idatzi zuen Luzaideko azken eskalapoigilea ezagutu zuela eta aipamen horrekin batera lau zura aipatzen ditu: intxaurra (Juglans regia), urkia (Betula pubescens), haltza (Alnus glutinosa) eta gaztaina (Castanea sativa). Zenbaitek pagoa (Fagus sylvatica), makala (Populus nigra) eta zumeak (Salix spp.) ere aipatzen dituzte.

Oinetako horietan soilik galtzerdiekin edo almantarrekin edo mantarrekin edo txapinekin bildutako oinak sartzen zirenez, egokitzeko eta estutzeko baina era berean zuraren kontra minik ez hartzeko, iratzea (Pteridium aquilinum) edo artaburuaren zurikina (Zea mays) edo belar ondua sartzen zen. Ibilera gozatzeaz gain, oina berotu ere egingo zuten horiek...

Ura urari deika. Urak dakarren lokatzetarako oinetakoak egiteko eta bere erabilera gozatzeko darabilzkigun landare gehienak urzaleak dira. Batzuk amorratuak: urkia, haltza, iratzea, makala eta zumeak.

Uretan gabiltza, gaitzerdi elurretarako galarretak edo bularretak behar ez ditugun bitartean!