Edozein belar pila ez da meta

Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Gaitzak eta izurriteak

Porruaren eulia
2018-05-06  |  Jakoba Errekondo

Porruaren eulia (Phytomyza gymnostoma) Euskal Herrira bisitan etorria dela aipatu nizuen aurrekoan. Izurrite berria. Presta gaitezen. Porruaren euliak urtean bi belaunaldi izaten ditu. Lehena negua pupa gisa igaro dutenetatik sortzen da. Euliak, grisak eta 3 milimetrokoak, arrak eta emeak etorriko dira; ibiliko dira eta emeak porruen hosto puntetan jan eta errun, jan eta errun egingo du. Koskadizoak nabarmenak dira, hostoaren hertzean, elkarren segidan. Arrautzak ere hostoetan jarriko ditu. Tokiaren eta eguraldiaren arabera apiril eta ekain artean izango da. Arrautza horietatik harrak sortuko dira, laruak eta 6 milimetro artekoak egingo direnak. Jan eta jan, galeria zuzen-zuzenak irekiko dituzte porruan beherantz. Bero handiak ez ditu gustuko, nonbait, eta neguko hotz handienak bezala uztail-abuztu aldea lo igarotzen du, pupa gorrizta eginda; negukatzea eta udakatzea egiten ditu. Abuztuaren amaieran bigarren euli belaunaldia dator; azarora arte izan daiteke. Irailetik abendura, harrak kalte handiak eragingo ditu porruan. Hotzak hastean, pupa bihurtuko da, galerien beheko barrenean, porruaren buruan. Porrua haztean, ohikoa da hortikan lehertzea.

Porruaren eulia bisitan etorri eta geurean gelditzea erabaki baldin badu, zer egin? Tratatu: erasotako porru guztiak atera, eta, ahal izanez gero, erre; bestela, sakonki lurperatu; euliak bihurtu aurretik, pupak porruan daudelarik. Gerorako: txandakatu, erasoa larria bada, ez jarri porrua edo bere familiakorik.

Udaberriko hegaldia porru hondarretan edo hazitegietan izaten da. Baita porru-tipula (Allium schoenoprasum), tipula (Allium cepa), baratxuri (Allium sativum) eta txalota (Allium cepa var. aggregatum) sailetan edo hartz-baratxuri (Allium ursinum) basatian ere. Europan batean eta bestean egin diren kontrol saioak alferrik samarrekoak izan dira. Tranpa horietan (ez urdin, ez zuri, ez gorri) harrapatzen dira, baina porruak babestuagatik beste landareetan ugaltzen dira.

Bigarren hegaldia da geurean giltzarria. Hemen porru gehiena udazken-neguan jateko landatzen denez, irail-urrirako euliek arrautzak jar ez ditzaten porrua zaintzea da gakoa. Sistema eraginkorrena sarea da. Hona sarearen baldintzak: Filbio tipokoa esaten zaio; begiak gehienez 0,8 mm izan behar du; ondo-ondo itxi, den tarte mendrenik utzi gabe; uztaiekin jarri, sareak hosto bakar bat ere uki ez dezan; bestela, hantxe errungo dituzte arrautzak. Tranpek ez dute balio euliak noiz dabiltzan jakiteko, eta, beraz, abuztuaren amaieran jarri behar da sarea. Honek belarra kentzea bezalako lanak zailtzen ditu eta gaitzak susta ditzake (mildiua, gorrina, alternaria...).

Arerioak ere baditu porruaren euliak. Serbian Halticoptera circulus deituriko himenoptero ttiki batek parasitatzen du. Honelakoen laguntza garrantzitsua da; horretarako, tratamentu kimikoak baztertu eta ingurune bizia eduki behar da baratzean.

Tratamentu ekologikoa ere badago: Spinosad intsektizida naturala. Dosi txikia erabiltzen da, 0,2 l/Ha, baina ikaragarri garestia da, 400 €/l. Euliak errundako arrautzetatik sortutako harrak porruetan kosk eta kosk ari direnean tratatu behar da. Rotenonak eta piretrinak ere erabiltzen dira. Horiek denek kalte egin diezaiekete bere arerioei ere.

Europan diotenez, izurritearen lehen hiru urteak dira gogorrak. Itxuraz, bertako arerioak egokitu egiten dira, eta euli hau bere dietan sartzen dute. Horrela euliaren erasoak zapuzten dira, neurri batean behinik. Geurea bezala, porruaren euliak eraso berriak dituen lurraldeetarako itxaropentxo bat...