Bizi-baratzea

Basoa  >  Bestelakoak

Aurrean ditugun arren ez ditugu ikusten
2018-05-06  |  Arritokieta Ortuzar  |  Aritz Ruiz-González  |  Ainhoa Meñika  |  Iñaki Sanz-Azkue  |  Joserra Díez

Edonora begiratuta ere, beti aurkituko duzu landareren bat zure inguruan. Euskal Herrian 3.500 espezie ditugu; horietatik 225 mehatxupean. Belaunaldiz belaunaldi, ordea, landareekiko interesa eta ezagutza murrizten joan da gure gizartean, eta egun, kosta egiten zaigu inguruan ditugun landare arruntenei izena jartzea. 2001ean eginiko ikerketan, Wandersee eta Schussler botanikariek gauza bera ondorioztatu zuten Amerikako Estatu Batuetan; eta izena jarri zioten gertatzen ari zenari: plant blindness, landareekiko itsutasuna. Euskal Herrian egindako ikerketak agerian jarri du ikasle eta irakasleen ezagutza maila.

Hezkuntza formalean, Curriculumak dioenaren arabera, ikasleek bere ingurunearen oinarrizko ezagutza eta kontaktua edukitzea ezinbestekoa da; hori da eskolan irakatsi beharrekoa. Ordea, eduki horiek barneratzea zaila suertatzen da faunarekiko eta florarekiko ezagutzarik eta interesik ez badugu. Hainbat ikerketen arabera, irakasleek animaliekiko dute zaletasun handiagoa, eta eskolan animalien munduari askoz denbora gehiago eskaintzen zaio landareei baino. Horrek landareekiko interesik eza ekar dezake txikitatik. Baina, Euskal Herrian, zein da irakasleek eta ikasleek landareekiko duten interesa? Ezagutzen al dituzte inguruko landare arruntenak?

Galdera horiei erantzuna emateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek osaturiko lantaldeak bi ikerketa jarri ditu martxan. Egungo egoeraren diagnosia burutu dute, hori egitea ezinbestekoa baita irakasleentzako eta ikasleentzako material didaktiko egokia sortu aurretik.

Azterketa horretarako, 2016-2017 ikasturtean Euskal Herriko 26 ikastetxetan 12-14 urte arteko 1.040 ikasleri galdetegia egin zitzaien. Ikasleei naturarekiko duten interesari buruzko hainbat galdera egiteaz gain, 10 animalia eta landare izen jartzeko eskatu zitzaien, euren ezagutza-maila neurtzeko. Animaliei zegozkien datuak 2017-05-21eko ARGIAn eman genituen ezagutzera, Lehoia eta otsoa aurrez aurre. Ezagutzen al dituzte umeek bertako animalia arruntenak? erreportajean. Aldiz, landareenak ez dira gaur arte idatziz argitaratu. Aurten bertan Zientziaren eta Teknologiaren Hezkuntzari buruzko nazioarteko bi kongresutan aurkeztu dira.

Irudian sagarrondoa, ikasleek gehien izendaturiko zuhaitzetako bat. Ordea, horrek ez du arbolaren ezagutza adierazten, fruitua da identifikatzen dutena. Arbola parean jarriz gero, agian ez lirateke identifikatzeko gai izango.
Ume bakoitzak batez beste bertako 5 landare-izen dakizki

Ikerketa horretan, ikasleek animaliekiko eta landareekiko, biekiko, interesa handia zutela adierazi zuten: %51k interes handia edo oso handia, eta oso gutxi ziren (%9) interes txikia edo oso txikia zutela ziotenak. Baina animaliak eta landareak alderatzeko orduan, landareekiko itsutasunaren zantzuak azaldu ziren ikasleen erantzunetan. Hau izan zen egin zitzaien galdera: Zeintzuk pizten dute interes gehien zugan, animaliek ala landareek?

Ikasleen %76ak soilik animaliekiko hautua egin zuen eta %16ak animaliak eta landareak, biak zituen gustuko. Soilik landareak aukeratu zituztenak %3a baino ez ziren izan. Beste herrialde askotan ikusi den bezala, gurean ere umeek animaliekiko interes handiagoa dute. Wandersee eta Schusslerrek Amerikako Estatu Batuetan 2001ean ondorioztatu zuten moduan, landareekiko interes eza oso handia da, eta horrek, landareei arretarik ez jartzea dakar. Ezaugarri horiek, aldi berean, landareen ezagutza-maila baxua izatea eragiten dute.

Ikerketarako,
10 landare-izen
jartzeko eskatu zitzaien,
eta galdetegia egin zuten 1.040 ikasleek, batez beste, 5,4 landare-izen idatzi zituzten

Euskal Herriko ikasleek buruan dituzten landare-izenak jakin nahian, 10 landare-izen jartzeko eskatu zitzaien, eta galdetegia egin zuten 1.040ek, batez beste, 5,4 landare-izen idatzi zituzten. Emaitza horrek bat egiten du Suitzan egindako ikerketen emaitzekin. Landareak izendatzeko zailtasunak oso handiak dira.

Ikasleek erantzundako landare-zerrendak informazio gehiago ere eman zuen: ikasleek batez beste aipaturiko 5,4 landareetatik 3,8 bertako landareak ziren. Herrialde baltikoetan egindako ikerketan ere, ume gehienek bertako espezie gehiago ezagutzen dituzte kanpokoak baino, baina Ingalaterran eta Alemanian ere ikusi den moduan, inguruko oso espezie gutxi izendatzeko kapazak dira; ezagutza baxua da.

Ikasleen artean, herri txikienetakoek izendatu zituzten landare gehien (8,2 landare 10etik).
Gainera, bertako
landare gehien eurek izendatu zituzten
(6,8 landare 10etik)

Ikasleen artean, herri txikienetakoak (5.000 biztanle baino gutxiago) ziren landare gehien izendatu zituztenak (8,2 landare 10etik). Beraiek izan ziren, baita ere, bertako landare gehien izendatu zituztenak (6,8 landare 10etik). Herri txikienetan egunerokoan naturarekin kontaktua edukitzeko aukera handiagoa izanda, ezaugarri horrek ziurrenik izango du eragina bertako espezie-kopuru gehien izendatzeko orduan.

Landareen artean, ikasleek gehien izendatu zituztenak jangarriak eta basatiak izan ziren, apaintzeko edo baso ustiaketarako erabiltzen direnen aurretik, nahiz eta gure lurraldearen laurdena basoz estalita egon. Espezie zuhaizkarak, bestalde, belarkarak edo zuhaixkak baino sarriago izan ziren izendatuak.

Eskerrak Gernikako arbolari…

Buruturiko ikerketetan, landa eremuko eta hirietako pertsonen ezagutza-mailen arteko aldea sakonago aztertu zen. Horretarako, Urdaibaiko Biosferaren erdian dagoen Gernika eta inguruko herrietako 45 ikaslek (Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak, 11-12 urtekoak) arbolei buruzko galdetegi berezi bat bete zuten. Horiez gain, Bilbo hiriko eskola bateko 53 ikasle (LHko 6. mailakoak) eta 18 irakasle (LHko 6. mailakoak; adina: 40 urte, batez beste) izan ziren galdetegia bete zutenak.

Emaitzak ez du duda askorik sortzen: landareekiko itsutasuna iritsi da Euskal Herrira.

Galdetegiaren atal batean 10 arbola espezieren izenak idazteko eskatu zitzaien. Gernikako ikasleen %42ak baino ez zituen eskaturiko 10 espezieak idatzi, eta denen artean, guztira, 29 arbola izendatu zituzten. Argentinan egindako ikerketa batek ere balio antzekoak eman zituen, eta ikasleen erdia baino gutxiago (%32) izan zen 10 landare izendatzeko gai. Gernikako eskolan, izendatuenen artean izan ziren haritza (%91ak izendatua), sagarrondoa (%84) eta pinua (%80). “Gernikako arbola” ezaguna haritza izanda, ez da harritzekoa bertako umeek espezie hori izendatu izana gehien. Kellert-ek ondorioztatu zuen moduan, horrek aditzera ematen du animalia eta landareen ezagutzan sinbologiak ere baduela indarra. Izan ere, Gernikako arbolarik gabe, zenbat ume gernikarrek ezagutuko zuten haritza?

Bilboko ikasleen kasuan, ostera, 20 izan ziren guztira zerrendaturiko espezieak, eta ikasleen %6ak baino ez zituen 10 zuhaitz izendatu. Aipatuenen artean, batez ere fruitu-arbolak agertzen dira, baina kasu honetan, Gernikan ez bezala, haritza izendatuenen hirugarren tokian azaltzen da: sagarrondoa (%70eko izendapenarekin), pinua (%60), eta haritza eta laranjondoa (%43) dira errepikatuenak.

Ikasleen artean, fruitu-arbolak oso ezagunak dira. Patrick eta Tunnicliffen emaitzen arabera, ordea, fruitu-arbolak izendatzeak ez du arbolaren ezagutza adierazten, baizik fruitua identifikatzen dutela. Arbola parean jarriz gero, agian ez lirateke identifikatzeko gai izango.

Zuhaitz-espezie gehien izendatu zituztenak irakasleak izan ziren; guztira 33. Maisu eta maistren artean %67ak 10 espezieak zerrendatu zituen, baina kasu honetan lehendabiziko hiruetan agertzen ziren espezieak ikasleekiko ezberdinak ziren: hurritza (%95ak izendatua), urkia (%81) eta palmondoa (%76).

Pinua eta eukaliptoa,haritzaren aurretik

Galdetegiaren bigarren zatian Bizkaiko 9 zuhaitz arruntenen irudiak erakutsiz, horiek identifikatzeko eskatu zitzaien: ametza (Quercus pyrenaica), haritza (Quercus robur), artea (Quercus rotundifolia), eukaliptoa (Eucalyptus globulus), haltza (Alnus glutinosa), intsignis pinua (Pinus radiata), lizarra (Fraxinus excelsior), pagoa (Fagus sylvatica) eta urkia (Betula celtiberica).

Jarritako 9 zuhaitzen irudietatik, batez beste 2 izan ziren irakasleek zein ikasleek ondo identifikatu zituztenak. Alderatzeko orduan, ez zen ezberdintasun nabarmenik ikusi irakasleen eta ikasleen ezagutza-mailan. Ikasleen artean, ordea, Gernikakoek zuhaitz gehiago identifikatu zituzten (2,3), Bilbokoekin alderatuz (0,8). Bien kasuan mailak baxuak badira ere, animalien ezagutzari buruz egin zuten ikerketak eta Finlandian egindakoek erakutsi duten bezala, litekeena da bizilekuaren tamainak bertako biztanleek naturarekin duten harremanean eragina izatea. Gernikako ikasleetako asko inguruko herri txikietakoak dira eta natura gertuago dute egunerokoan. Ikerketa horien arabera, landa-eremuko umeek animalia eta landareak identifikatzeko gaitasun handiagoa dute.

Pinua izan zen ikasleek gehien ezagutu zutena,
%91 eta %64ko emaitzekin Gernikan eta Bilbon, hurrenez hurren.
Gernikako ikasleen %87ak identifikatu zuen eukaliptoa
(Bilbokoen %14ak)

Nabarmentzekoa da, bestalde, ondo identifikaturiko zuhaitzen artean pinua izatea ikasleek gehien ezagutu zutena, %91 eta %64ko emaitzekin Gernikan eta Bilbon, hurrenez hurren. Azpimarratzekoa da baita ere, Gernikako ikasleen %87ak identifikatu zuela eukaliptoa (Bilbokoen %14ak). Irakasleen artean ere pinua izan zen gehien identifikatu zuten zuhaitza; %100ak ezagutu zuen.

Emaitza hauek egun Bizkaiko paisaia denaren isla baino ez dira. Izan ere, 600 metrotik beherako lurren laurdena pinuak estaltzen du, eta itsasertzeko lurretan (Gernika dagoen ingurunean, esaterako), azken urteetan eukalipto landaketek nabarmen egin dute gora. Horiek izanik egunerokoan ikusten dituzten espezieak, Patrick eta Tunnicliffek 2011n ondorioztatu zuten bezala, ez da harritzekoa landare horiek izatea gehien ezagutzen dituztenak. Horrez gain, pinuen azikulen (hostoen) forma bereizgarriak, arbola honen identifikazioa asko errazten du.

Ikasleen %90ak baino gehiagok ez ditu identifikatu lizarra, haltza, pagoa, urkia eta artea

Arreta deitzen du pinua, eukaliptoa eta haritza izan direla identifikatu dituztenak. Hiru hauetako bakarra da bertakoa, eta beste biak kanpotik ekarriak. Era berean, bertako arbola arruntenen identifikazio-mailak oso baxuak izan dira. Ikasleen %90ak baino gehiagok ez ditu identifikatu lizarra, haltza, pagoa, urkia eta artea. Haritzaren kasuan, Gernikakoen %53a baino ez zen landarea identifikatzeko gai izan, nahiz eta izendatzeko orduan, %91ak izendatu zuen. Bilboko ikasleen artean,  bakarrak identifikatu zuen haritza, eta irakasleen herenak baino ez. Azken hauen kasuan, pagoa ezagutu zuen irakasle bakarra egon zen. Ametza eta haltza ezagutu zuen irakaslerik ez zen egon.

Irakasleen formazioaren eta material egokiaren beharra

Buruturiko ikerketek agerian jartzen dute Euskal Herrian ere badela landareekiko itsutasuna. Landare ezagutza eta interesa horren baxuak izateak, badauzka bere ondorioak. Lindemann-Matthies-ek 2011n, edota Gaston eta Spicer-ek 2004an ondorioztatu zuten moduan, espezieen ezagutza, naturarekiko interesarekin batera, funtsezko faktorea da ingurumenaren, biodibertsitatearen zein garapen jasangarriaren alorreko kontuetan ulermena sustatzeko. Hezkuntza curriculumean agertzen diren helburuak era egokian bete nahi badira, ezinbestekoa da interesan eta ezagutzan arreta jartzea eskolak emateko orduan.

Bioaniztasunari eta ekosistemen ekologiari buruzko oinarrizko ezagutza izateak eta hurbileko ingurumenean oinarrituriko material didaktikoa edukitzeak asko lagunduko lituzke irakasleak, bai edukiak transmititzeko, bai eskolak diseinatzeko ere.

 

BI BELAUNALDITAN URRITU ZAIGUN EZAGUTZA
Europa mailan egindako hainbat ikerketek diote azken hamarkadetan naturari loturiko ezagutzaren beherakada handia izan dela. Zantzu guztien arabera, gurean ere landare-ezagutza murriztu egin da. Baina ikerketarik gabe, nola ziurtatu?

Burbunak eta etsayak proiektuan 2012-2013 urteetan Hernaniko 60-90 urte arteko 10 pertsonari egindako landare ezagutzari buruzko elkarrizketek, pertsona horien ezagutza-maila altua erakutsi zuten. Etxetik jasotako ezagutza zuten, eta batez beste inguruko 68 landare belarkara (zuhaitzak eta zuhaixkak kontuan izan gabe) izendatu zituzten. Elkarrizketaturikoen lagina txikia izan bazen ere, belaunaldi zaharrenek oraindik ere duten ezagutzari buruzko erreferentzia ona izan daiteke.

* “Burbunak eta etsayak”DVDa erraz eskuratzeko aukera dugu Argiaren Azokan.


Zurea bidali