Bizi-baratzea

Bestelakoak

Usainez usain
2018-04-01

Udaberriak ekarri dit gaia sudurraren aurrera. New Yorkeko ikerketa gune desberdinetan lan egiten zuten C. Bushdid, M. O. Magnasco, L.B. Vosshall eta A. Keller zientzialariek 2014ko martxoan “Science Magazine” sonatuan argitaratu zuten artikulu batek zalaparta polita sortu zuen. Izenburuak dena dio: “Pertsonok bilioi bat usain baino gehiago bereizteko gai gara”. Zehazki, usaina esan beharrean, “Olfactory stimuli” diote ingelesez, hau da: usaimen eragingarriak. Ez zuen asko uste jendeak bere sudurraren ahalmena hainbesterainokoa zenik...

G. Ohloffek 1994an esan zuen Scent and Fragrances: The Fascination of Odors and Their Chemical Perspectives liburuan: arrosaren (Rosa spp) usain ezaugarria 275 osagairen nahasketak sortzen du, baina osagai horietako gutxi batzuk besterik ez dugu usaintzen. Marrubiaren (Fragaria vesca) usainak 350 bat osagai omen ditu... 

Zenbait usainek txoratu egiten gaituela esan ohi da, baina usainei etekin ederra ateratzen dienik ere bada. Kate McLean Diseinu Grafiko programaren zuzendaria da Ingalaterrako Kenteko Canterbury Christ Church Universityn. Artista ezaguna bihurtu da mundu guztiko hiri ugaritako usainen mapak egin dituelako. Edinburgoko usain nagusiak dira, garagardo, soropil, itsaso, patata frijitu denda eta loretan dauden gereziondoena (Prunus spp). Singapurgoak frangipani loreena (Plumaria spp) eta jasmina edo urkitza (Jasminun ifficinale). Taillinen egurrarena eta ardo beroarena. Kieben pinua eta poztasunaren usainak hartu zituen. Amsterdamen intzentsua (Boswellia sacra) eta jatenak.

Iruñeko usainen mapa ere egina du, 2014ko Mapamundistas egitasmoan. Zitadelara joan omen zen, irrikaz, belarra, zuhaitzak eta mendiko airea usaintzera. Deskuiduan mendi aldera joan izan balitz, zer-nolako mapa egingo ote zuen?