Lurraz hazi eta lurrak jan behar

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Ilgora
:  Ilargiak bere orbita egunetik egunera gero eta gorago egiten duen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Fruituak  >  Fruitu zuhaixkak

Ardoa ilargitan
2018-03-11  |  Jakoba Errekondo

Nekazaritza ekologikoa puri-purian den honetan, biodinamika oinarri duen nekazaritzan ekoitzitako ardoek bereganatzen dituzte gero eta sari gehiago. Ikuskizun da mahats ardoetan bezala ote datorren sagardo, udareardo, garagardo eta abarretan.

Ardogintzan asko ikertzen ari da lurra aberastea eta zeruaren eragin integrala oinarri dituen nekazaritza hau. Ardoak ematen du, eta, zenbat eta naturalago, eta gehiago emango du: osasuna bezala txanpona. Frantzia da ikerketa mota horren lurralde aitzindaria. Diru asko mugitzen da han mahastietan eta botiletan... Azken beltzean, unibertso handiaren barruan dagoen mikrokosmoa den planetan dagoen mikroagoa den kosmosa da mahastia. Bizitzaren zikloa ulertu eta gai organiko eta naturalak soilik erabiltzen dira.

Ilargia zein konstelazioren aurrean dabilen, ez omen du eragin bera sortzen. Lau multzotan banatzen dira egun horiek: sustrai, hosto, lore eta fruitu egunak.

Ilargia lurraren elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean denean (Taurus, Birjina eta Caprikornius), sustrai egunak dira. Landareak sustraiak abantailatzen ditu, eta ardoan ñabardura tanikoak eta ezaugarri mineralak indartuko dira.

Ilargia uraren elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean (Karramarroa, Eskorpio eta Arrainak) denean hosto egunak dira. Hostoak abantailatzen ditu landareak. Ardoan landare lurrunak indartzen dira; ardo zuri batzuetan bereziki interesgarria.

Ilargia airearen elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean denean (Bikiak, Libra eta Aquarius), lore egunak dira. Landarean loreak sustatzen dira; ardoan ere loreen ñabardurak aitzinatzen dira.

Ilargia suaren elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean denean (Aharia, Sagitarius eta Lehoia), fruitu egunak dira. Fruitua bizkortuko da batik bat landarean. Ardotan ere fruituei areago igarriko zaie, baita lur sail bakoitzaren ezaugarri bereiztaileei ere