Eztago ilargia beti bere betean

Bizi-baratzea

Laborantza  >  Sagardoa

"Ezinbestekoa da sagastietan makinekin lan egin ahal izatea"
2018-01-21  |  Jon Torner Zabala

Sagardo Forum jardunaldietan “Sagarrondoaren egoera Euskal Herrian” hitzaldia eman du Sagarlan aholkularitza-enpresako teknikari Aitor Etxeandiak. Hurrengo egunean aurrez-aurre elkartu gara berarekin, Hernaniko solasaldian esandakoez gehiago sakondu aldera.
“Zuekin hitz egin eta gero sagasti bat begiratzera noa, lurra-eta zer moduzkoak diren ikustera”, kontatu digu. “Sagarrondo asko ari dira landatzen lehen ganaduarentzat ziren larreetan edota pinuek libre utzitakoetan. Traktorearekin aritzeko hobeak dira, eta hori funtsezkoa da belaunaldi berriak laborantzara lotzeko”.

Hainbat datu emanez hasi zuen hitzaldia Etxeandiak, eta hala egingo dugu guk ere. Sagarrondo-plantazioek azalera txikia hartzen dute Euskal Herrian. Sagastien %35ak 2 eta 10 hektarea artean eta %22ak 1-2 hektarea dituzte. Soilik %4ak du 10 hektarea baino gehiago. Plantazioak tradizionalak edo intentsiboak diren, hektarea bakoitzeko zuhaitz kopurua arras desberdina izango da. Tradizionaletan (baso-forman landuak; arbolek leku gehiago hartzen dute) 150-200 sagarrondo daude hektarea bakoitzean, eta intentsiboetan (erdiko ardatza) 650-700 egon daitezke. Geroz eta nekazari gehiago dira intentsiboaren alde egiten dutenak, besteren artean mekanizazioa nabarmen erraztu eta ekoizpen-ahalmena handitzen duelako. Sagasti tradizional ugari “libre” geratutako lur-sailetan landatu zirela azaldu digu: “Baratzea lehenengo, animalientzako larreak gero… gaur egun, ordea, abelburuak murriztean-eta, sagarrondoak leku hobean jartzen dira”. Horrek eragin du traktore eta gainerako makinekin lan egiteko aukera handitzea. “Erreleboa” bermatu aldera garrantzitsua da hori: “Sagastian traktorearekin aritzerik ez badago, geroz eta lan gutxiago egingo da bertan. Batzuetan nahikoa da sagarrondoen azpialdeko adarrak moztea, zuhaitz artetik traktorean eserita pasa ahal izateko”. Hala egin duten zenbait baserritarrek mimo handiagoz zaintzen dituzte sagastiak, Etxeandiak dioenez.

Traktorearen arerioetako bat pendiza da; hori da gurean oztopo handienetakoa, Sagarlan enpresako teknikariaren hitzetan: “Sagarrondoen %42 dago %25 baino pendiz handiagoa daukaten lur-sailetan, eta aintzat hartuta %20tik gorako malda duten lekuetan –iparraldera begira dauden magaletan bederen– traktorearekin ibiltzea arriskutsua dela…”. Lurra bustia baldin badago, gainera, %15eko pendiza ere arriskutsua gerta daiteke. Eguteran dauden lekuetan aldiz, posible da %25-27ko aldapetan lan egitea, lehorra egonez gero betiere.

Klimaren menpe

Laborarientzat baina, maiz ez da bideragarria makineria berria erostea, txikiak baitira lur-sailak, eta izugarri luzea inbertsioari buelta emateko beharko luketen denbora. Posible da makinak hainbaten artean erostea, baina bada arazo bat: “Guztiek une berean egin nahi dute lan bera; eguraldiak, euriak, markatzen ditu denborak gurean, eta haren menpe daude lan bat edo beste egiteko”. Euriak, baita hotz-beroak ere; eguzkiaren epeltasuna funtsezkoa dute sagarrondoek. Kostako eta barnealdeko klimak sagar kalitateari eragiten ote dion galdetuta, aldea gehiago kopuruan dagoela erantzun digu Etxeandiak. “Kostaldean –Gipuzkoaren kasuan itsasotik Aduna ingurura bitartean– sagar gehiago ateratzen da beti”.

Herrialdez herrialde begiratuta, sagarrondo kopuruan alde handia dago Gipuzkoa eta gainerakoen artean. 40 hektarea daude Araban, 80 Bizkaian, 90 Ipar Euskal Herrian, 100 Nafarroan eta 1.165 Gipuzkoan, sagardo tradizio handiena dagoen lekuan. “Duela 35 urte sagarrondoak berreskuratzeko lanean hasi ginen, Gipuzkoan bereziki; 800 hektarea landatu ziren bertan”, azaldu digu Etxeandiak. Egun, haize berriak sumatzen dira, sagardoa eta sagarrondoak sustatzeko borondatea. Edariari “prestigioa” emateaz mintzo dira instituzioak. “Hitza hori ote den ez dakit”, dio Sagarlaneko teknikariak. “Egia da sektoreko eragileak ahalegin bat egiten ari direla, baina harago joan behar dugu. Prezioari dagokionez merkea izaten jarraitzen du; errekonozimendu handiagoa behar du, eta hori lotua dago kalitatearekin, produktua edonon defendatu nahi badugu”. Fraisoro laborategiaren lana inportantea da zentzu horretan, baita Euskal Sagardoa jatorri-deitura berria ere, bereizgarritzat dituena %100 bertako sagarrarekin egina egon eta “kalitate bermea” izatea.

Bertako sagarra baliatzeak ahalbidetzen du, esaterako, egun batean jaso eta biharamunean bertan zanpatzea eta, hartara, hartzidura-prozesuan edota elaborazioan sor daitezkeen arazoak errazago saihestea. Dena den, gurean ekoizten den sagardo guztia ezin daitekeela bertako sagarrarekin egin azaldu digu Etxeandiak: “Sagarrondoek ale gehiago eman ditzakete, berriak landatuko dira… baina sagarren parte handi bat kanpotik ekarri beharko dugu oraindik ere, Asturias, Galizia edo Normandiatik”.

Fitoplasma kezka iturri

Baserritarrak gehien kezkatzen dituena, su-gorrinaz gain, fitoplasmak (parasito mikroskopikoak) direla azaldu digu Etxeandiak, zuhaitza pixkana izorratu eta sagarrari behar bezala hazten uzten ez diotelako, beste ondorio batzuen artean. “Mahaiko sagarraren kasuan arbolak moztu daitezke, baina sagardotarako zuhaitzetan… ia ezer gabe geratuko ginateke”. Fitoplasma saihestu edo borrokatzeko bideak dira landare osasuntsuak erabiltzea eta, mahaiko sagarraren kasuan, gaixotasuna hedatzen duen xomorroaren (zikadela) aurka intsektizida erabiltzea. Sagardo-sagarraren kasuan, baina, ez da haren aurkako intsektizidarik erabiltzen, ez bada zorrien edo sagar-harraren (karpokapsa) kontrakoa.