Segurtamenak alde batera uzteko kemena eskatzen du sorkuntzak Erich Fromm

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Polinizazioa
:  lorearen aieka arrak sortzen duen polena aieka emera iristea. Haizeak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzetik mundura

Lurrak ondasun kolektibo
2017-12-17  |  Garazi Zabaleta

Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiliak izan diren lursail ugari ari dira azken urteetan galtzen Euskal Herri osoan: laborantzaz batere interesik ez duten lur erosleek bestelako ideiak dituzte espazio horietarako. Horren aurka dihardu lanean Ipar Euskal Herrian Lurzaindia kolektiboak. “Lurzaindiak egiten duena, bere izenak ederki esaten duen bezala, lurra zaintzea da. Espekulazioaren kontra borrokatzen gara, partikularki”, azaldu digu Dominique Amestoy kolektiboko kideak.

Lurrak kolektibizatu, hura lantzen dutenek erabiltzeko

2013an sortu zuten Lurzaindia lehen sektorearen borrokari lotuak diren lau egiturek: ELB laborantza sindikatuak, Arrapitz federazioak, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta Amap laborantza iraunkorrerako elkarteak. Lurzaindia bera sortu baino lehenago, bazegoen Lurra izeneko elkartea, gazteak plantatu ahal izateko etxaldeak erosteko lanean ziharduena.

Baina nola kolektibizatzen dituzte lurrak? Urte osoan diru bilketak egiten dituzte, salgai dauden lurrak eta laborari etxaldeak erosi eta horiek Lurzaindiaren proiektura batu ahal izateko. “Guk erosten ditugun lurrak ez dira inoiz berriz salduko, merkatutik kenduko dira behin betiko”, dio Amestoyk. Epe luzerako alokairuen bitartez laborari gazteei beren proiektuak aurrera ateratzeko aukera ematen die Lurzaindiak lur horietan, merkatu espekulatiboari aurka eginez. Diru bilketetako irabaziak kudeatzeko Erne egitura dute martxan: “Erneko kideek dute diruaren kudeaketaren zama, baita zer erosi behar den eta zer ez erabakitzearena”.

Egindako lanaren fruituak

Lurzaindia sortu zenetik, lurren beste erabilpen batzuetarako 35 bat saltze gibelaraztea lortu dutela azaldu digu kideak. Frantziako Safer egiturarekin aritzen dira lanean lurren prezioak egokiak direla ziurtatzeko eta beharrezkoa denean horiek erosteko. Orotara, 400 lur hektarea ingururen eta 20 etxalderen jabe da egun kolektiboa, eta horietan lanean dihardute 29 laborarik. Lurraren eta Lurzaindiaren diru bilketetan, berriz, 3.500 bat akziodunek hartu dute parte urteotan. Ez dira zenbaki makalak.

“Momentuz Iparraldean soilik ari gara, baina gure araudietan jarria dugu Hegoaldera ere hedatzea posible dela, hango laborarien sostenguarekin noski. Euskal Herria orokortasun batean hartzea, alegia”, dio Amestoyk.