Azatxoak azatuko dituk

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (21:00ak arte)
Gaurko hitza
Lokatu
:  Txitak ateratzeko oiloa 21 egunetan kieto izaten da arraultzak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Lorategia  >  Loreak

Lore hautsetan mezalagun
2017-07-02  |  Jakoba Errekondo

Udaberria zaigu loreen sasoia. Ez da bakarra, ordea; loraldia ez da urte osoan amaitzen, bukatzen ez den emana da loreena. Etengabeko lore batean bizi gara. Aurten oraindik ahorik, ez abereenik ez segarenik, ezagutu ez duten belazeak ikusgarriak daude, lore desdetxa! Lorez lore dabiltzanen hegaldien zunburrunak sinfonia dirudi.

Etxeko teilatuaren hegalpean dugun erle-eultzea denak emanda dabil, sasoi honetan aspaldiko urteetako erle dantza handiena sumatzen dut. Izan ere, bada loretik! Eta loreak polinizatzailea behar. Polinizazioa aise ulertzen da: loreko aieka arrak sortzen duen lore hautsak edo polen aleak beste lore bateko aieka emera iritsi behar du. Emean gauzatuko du ernalketa polenak.

Lore hautsak loretik lorerako bide hori nola egiten du? Zubilan hori noren ardura da? Haizeak lan ederra hartzen du, espezie askoren mezalagun bikaina da. Beste espezie ugarik animaliak behar dituzte urgazle. Batzuek animalia jakinekin dituzte tratuak lotuta. Horiek estutasun handiak izan ditzakete animalia hori galbidean sartzen bada. Badira polinizaziorako animalia asko erabiltzen dituzten landareak; horiek samurragoa dute etorkizuna, baten faltan beste batek egingo dizkie-eta bereter laguntzaile lanak.

Bereter, urgazle, mezamutil, laguntzaile... Norbaiten premian dira landareak. Haiek erakartzeko eta bere lana saritzeko, loreak usainak, kiratsak, koloreak, formak eta abar sortuko ditu: “txerrimuniak ordainetan”.

Loratzen diren landareen lautik hiruk polinizatzaileren bat behar du. Horietatik mila inguru txoriak, saguzarrak edo ugaztun txikiak dira. Beste berrehunen bat mila intsektu dira: euli, tximeleta, kakalardo, inurri, liztor, erlastar, sits, erle...

Gure elikaduraren hirutik bat haien esku dagoela esan ohi da. Zaindu ditzagun: ez erabili pestizidarik eta utzi loratzen belaze eta landaredi naturalei. Eta, gerezi bat edo pipermin bat ahoratzen duzunean, gogoan izan intsektu urgazleak.