Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Elikadura burujabetzarantz pausoak emateko aplikazio berria
2017-04-30  |  Garazi Zabaleta

Teknologia berriek gure bizitzetako esparru ia guztiak hartu dituzten honetan, elikadura burujabetzaren alde zein aukera izan zitzaketen galdetzen zuten hainbat elkartek. Hortik sortu da jada martxan dagoen Etxalde App mugikorretarako aplikazioa. Elikaherria, Bizilur, Etxalde-Nekazaritza Iraunkorra eta EHNE Bizkaiak jarri dute martxan proiektua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren diru laguntzarekin eta “Bide Berriak: komunikazio sare berriak elikadura burujabetzarako” proiektuaren barruan.


Gure kontsumo-erabakien eragina ezagutzen


“Beharrezkoa da gure kontsumo erabakiek dituzten eraginen inguruan pedagogia egitea eta erabakiok elikadura burujabetzaren printzipioen araberakoak izatea”. Horrela azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek aplikazioaren ideia bere webgunean.
    Izan ere, erosketak egiterakoan produktu bakoitza elikadura burujabetza definitzen duten kriterioen arabera ebaluatzen du aplikazioak: sasoiko produktua den, gertutasuna, printzipio agroekologikoetan ekoiztua izan den edota ekonomia sozial eta solidarioko sare baten baitan ekoiztua izan den kontuan hartuta, produktu horrek inguruan duen eragina azaltzen dio erabiltzaileari.


Sasoiko egutegia


Bestalde, sasoiko produktuen egutegia ere eskaintzen du Etxalde App aplikazioak. Geolokalizazioaren bidez edo erabiltzaileak hautatutako kokalekua erabilita, inguruan dituen sasoiko produktu freskoen berri ematen die erabiltzaileei.
    “Bertako produktua erosteak bertako ekonomia laguntzea esan nahi du, ekoizpenerako eta garraiorako energia gutxitzen da, eta nutrizio-ezaugarri eta zapore guztiaz gozatzeko aukera ematen du”, diote aplikazioaren webgunean sasoikoa kontsumitzearen garrantzia azpimarratzeko.
    Edonorentzat eskuragarri dago jada Etxalderen aplikazioa Google Play dendan, eta proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi duenak, berriz, etxalde-app.elikaherria.eus webgunean aurkituko ditu xehetasun guztiak.