Intxaurraren azpian lo egitea txarra

Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Azak makilakadaka
2017-02-26  |  Jakoba Errekondo

Nondik norako oporrak antolatzeko garaian, landareak aitzakia izan ohi dituenik bada: goi-mendietako baso, oihan tropikal, jardin botaniko, lorategiren bat, gereziondoen loraldia... Egia esan, nonahi dago landaretik eta joaten zaren tokira eramaten zaituztela, berdin dio, zer ikasia izango duzu. Hala ere, aurtengo oporraldiarekin zalantzetan eta nola moldatu ezinik bazabiltza, Atlantikoa proposatu nahi dizut: Anglo-normandiar uharteak. 

 Jersey uharteko Jacquelyn eta Philip Johnsonek aza-hostokakoaren enborrekin egindako makilak. Gaur haiek dira egile bakarrak, baina duela mende bat 30.000 aza makila inguru esportatzen ziren urtean.

Uharte horiek toki xelebrea dira. Ingalaterrako erreginaren menpeko dira, baina ez dira Erresuma Batuaren parte, ezta Europar Batasunarena ere. Historia berezia dute, eta Ingalaterra eta Normandia artean egoteak baldintzatu ditu bertakoen bilakaera eta kultura. Klima latza dute, eta horrek bizimodua behartu du: aza jale amorratuak dira. Antza dute Atlantikoko haizeteek gogor erasotzen duten beste mutur batekin, Galiziarekin, eta uztarrian lotzen dituen hedea aza da. Aza berezi bat: Brassica oleracea var. longata. Gallego-azak bezala, ez du bururik egiten, eta hostoz hosto jaten da. Hostaia aziendari eman izan zaio, behikundeari eta artaldeei batez ere. “Aza-hostokako” eta “aza-hostokatzeko” deitzen zaio euskaraz. Hostoak kendu ahala muturreko kimuak berriak ematen ditu, luza eta luza eginez. Pixkanaka enbor soildua gero eta luzeagoa azalduko du. Sei metro artekoak neurtu izan dira. Bai, bai sei metro! Azaren zuztar hori makilak egiteko erabili izan dute. Udazkenean moztu, behar bezala lehortu eta izugarrizko zur dotorea lortzen da. Ondoren eskura leuntzeko lisatu eta berniza edo argizaria ematen zaio. Duela mende bat, urtean 30.000 aza makila inguru esportatzen zuten. Gaur egun etxe bakar batean soilik egiten dituzte, Jacquelyn eta Philip Johnsonek. Oporraldian bisitatu nahi ez badituzu, 60 euro eskasengatik etxera ere bidaltzen dizute. Edo, hobea dena, saltzen dituzten haziak erosi (50 ale, 4 euro) eta zerorrek sortu makiletarako aza-zuztarrak. Beno, aza non haziko den, aza-zurtoina, aza-zuztarra, aza-kirtena, aza-zangarra, aza-zangoa, aza-girtaina, aza-ipurdia, aza-ondoa, aza-orpoa, aza-trontxela, aza-trukutza, aza-truxa edo izango da... Izan ere, euskaldunona kultura atlantiarra izan...