Sapar zailari aihotz zorrotza

Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Aza jendearen urtea
2017-02-12  |  Jakoba Errekondo

Aza jan eta aza jan. Aurtengo neguan sekula baino aza gehiago jaten ari gara etxean. Gero eta gehiago gustatzen zait niri. Garai batean, umetan, egosi-egosi eginda ateratzen ziguten aza mahaira. Horrela denean zabaltzen duen kiratsak berak atzera eragiten zidan, zenbaitetan baita goragalea ere. Horri gehitzen badiogu aitonaren esaera: “Aza? Kamionkak jan ditut nik”, ez genuen oso gustuko etxean.

Orain paderan erregosita, gardostu antzera jaten dut, eta zale amorratu bihurtua naiz. Egia da, aza horrela erretzeko sukaldean ekonomika izateak asko errazten du emaitza borobiltzea. Aza jendearen sendiko edozein aldaera halaxe prestatzen dut: aza (Brassica oleracea var. capitata), azalorea (Brassica oleracea var. botrytis), brusela aza (Brassica oleracea var. gemmifera), brokolia (Brassica oleracea var. italyca), gailego aza edo kalea (Brassica oleracea var. acephala), arbiaza (Brassica oleracea var. gongylodes), aza txinatarra (Brassica oleracea var. pekinensis)...

Omenaldi asko merezi du aza jendeak. Babak adina, Vicia faba. Aza eta baba, baba eta aza. Zein baino zein hobea negu beltza gozatzeko; a zer uztarria! Makina bat gose eraman du aurrean hartuta. Eta orain argi eta garbi dakigu: osasunerako oso onak dira, oso!

Aurtengo urte honen hasiera hotz eta gogorrak, garai batekoak nolakoak izango ziren ekarri dit gogora. Eta sekula ez dut ahaztuko umetako gure herriko irudi bat: herriko kaskoan dagoen Gaztañaga baserriaren azpiko aldeko soroa, soroka aza elurpean. “Betor elurra” lasai dio aza bete soroa etxe ondoan duenak...

Urtearen hasiera hotzak azak ere gozatu ditu. Jakina da toki hotzetako azak gozoagoak dira, ez alferrik aza onenak Oletakoak direla esan ohi da. Hangoa ez bada, inguruko aza eskuera izango duzu, dastatu eta sumatuko duzu, hotz hauen ondoren gozo-gozo askoa.

Urteari hasiera ezin hobea eman diogu; izan ere, aurtengo urte hau aza jendearen urtea izendatua da. Jan azatik!