Bizi-baratzea

Bestelakoak

Gasak behera, putzak gora
2016-10-30  |  Jakoba Errekondo

Lekale guztiak ez dira eltzean egosi eta gozatuko. Egoskari ezagunez gain, beste erabilera ugari duten lekaleak badira. Sukaldetik igarotzen diren beste batzuk eltzean egosi beharrik gabe ahoratzen ditugu: baba (Vicia faba), ilarra (Pisum sativum) eta leka (Phaseolus vulgaris); horiek, berdetan jaten direnez, barazkitzat jotzen dira. Beste batzuk oliotarako edo saltsetarako erabiliko dira: kakahuetea (Arachis hypogea), soja (Glycine max)... Badira hazitarako soilik erabiltzen diren lekaleak ere: hirustak (Trifolium spp), alpapa edo luzerna (Medicago sativa), pagotxa (Trifolium incarnatum), ailorbea (Trigonella foenum-graecum), zalkea (Vicia sativa)...
 

Badira hazitarako soilik erabiltzen diren lekaleak; pagotxa (Trifolium incarnatum), esaterako. (Arg.: Lamiot-CC By SA)

Hazia ez dugu, era batera edo bestera, elikadurarako bideratzen; erein eta sortzen duen landarea bai, ordea. Zuzenagoa litzateke horiei lekaziak deitzea. Banaketa hori geure kulturan ulertzen da. Beste zenbait tokitan, adibidez, ilarrak lehorrak eta egosita jaten dira; han lekalea izango da ilarra.

Lekaleak, lekaziak, egoskariak, eltzekariak... Balio handiko gaiak sortzen dira landare lekadunengandik. Orain arte aipatutakoak zuzenean dastatzen ditugu: baba gozoa, lapikoko babarruna, kakahuete frijitua, soja saltsa eta pagotxa edo ailorbea janez guri-guri egin den idiskoaren zankarra gure ahosabaiak gozo hartuko ditu.

Ahosabaiaren molde kultural soiletik igaro beharrik gabe ere, gozatuko ditugun beste onurak ere badakartzate lekadunek. Lurra ongarritzea, adibidez. Landare lekadunek bakterio nitrofiloak hartzen dituzte apopilo sustraietan. Horien nitrogenozaletasunak aireko nitrogenoa hartu eta sustraien ingurura ekartzea dakar. Zenbait lekadunek fosforoa ere mugitzen omen dute lurrean. Landareak berak ederki baliatuko ditu jakiok, baina geroko geratzeko adina ere izango da. Ondoren datorren landarearentzat pagotxa. Horrek ongarri kimiko kutsatzaileen erabilera murrizten du. Zuzenean kutsadura gutxituko da, eta, zeharka, ongarri horiek egiteko bidean sortzen diren beste kutsadurak eta berotegi efektua sortzen duten gasen isurketa apaltzen da.

Klima aldaketa dakarren berotegi efektua goibeheratzeko lekaleak jan: gasak behera putzak gora!


Zurea bidali