Isere departamendura (Rhône-Alpeak eskualdea, Frantzia) bidaia egin zuten, Gure Platera Gure Aukera plataformak antolatuta, Etxaldeko hainbat baserritar, Jata Ondo eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteetako ordezkariak, EHIGE Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko kideak, VSF Herrien Bidezko Elikadura GKEko partaideak edota LAB sindikatuko kideak.
Eskola jantoki eredu berrien bila egin zuten bisita. Etxalde aldizkarian kontatu dituzte bizitako esperientziak.
Eskolan ere, bertatik eta bertarako
11 eta 15 urte bitarteko eskoletan 20.000 menu baino gehiago ematen dituzte egunero Iseren. Otordu horietan erabiltzen duten elikagaietatik %25 bertako produktua izatea lortu dute jada, eta %16 ekologikoa. Tokiko administrazioak hartutako jarrera gako izan da horretarako: merkaturatze bide laburren aldeko hautua egin dute egitasmo anitzak martxan jarriz.
58 eskoletako jantokietako otorduak prestatzeko zazpi sukalde zentral kudeatzen ditu departamenduak. Bestalde, zenbait eskolek beren sukaldea dute, baina denek ere bide beretik egiten dute lan: inguruko hiru ekoizle talderi erosten dizkiete produktuak sukaldeok.
Apustu zabalago baten parte
Eskola jantokiena ez da, ordea, neurri isolatu bat. Nekazaritza Ganberak tokiko ekoizleak elkartzea lortu du bultzatu dituen politiken bidez. Esaterako, produktu ekologikoak eskaintzen dituzten 50 ekoizle kooperatiba berean biltzea lortu dute (Magenz bio). Bere produktuen heren bat jantokiei saltzen die kooperatibak. Bestalde, hiltegi publiko bat ere martxan dute departamendu galiarrean, baita tokiko ekoizleen barazkiak moztu eta ontziratzen dituen Legumerie AB Epluche izeneko sozietate mugatua ere.
Isereko bisitan parte hartu dutenek garbi azaldu dute hurbileko kanalak indartzea alde askoren elkarlanari esker eman dela: eskualdeko gobernuko alor ezberdinek (hezkuntza, nekazaritza eta osasun publikoa), udaletxeek, ekoizleek eta kontsumitzaileek bat eginik.
Kanpoko bizipenak eredu hartuta, gurean ere ari dira asko lanean horrelako esperientziak martxan jartzeko. Eskola jantokietan bertakoa, era jasangarrian ekoitzia eta osasuntsua eskainiz ere ikasleak hezitzen ariko ginatekeelako.