Urrila urri, ilunabarretan igarri

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Ilgora
:  Ilargiak bere orbita egunetik egunera gero eta gorago egiten duen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Eragileak

Bertako zerealen trukean
2016-07-17  |  Garazi Zabaleta

“Zereal-okin, zereal-abeltzain zuzeneko trukaketak 2016”. Izen hori daraman e-postak nire arreta deitu du postontzia begiratzen nenbilela. Hor sartu naiz kuxkuxeatzera, eta taula batekin egin dut topo: erosi/saldu, produktua eta barietatea, kantitatea…

EHKOlektiboak bertako zereal trukaketen bigarren deialdia antolatu du uztailean. Lehenengoa ekainean egin bazuten, orain, zerealen uzta jasoko dela aprobetxatuz (batez ere garia, ogigintzarako) parte hartzeko ateak berriro irekitzea pentsatu dute, jende gehiagok bat eginen duelakoan.  

Erosi, saldu, edo zergatik ez trukatu?

“Ikusi dugu askotan ez dugula jakiten nork daukan produktu jakin bat eta noiz, nora jo dezakegun”, azaldu digu Aloña Gonzalez Bereau EHKOlektiboako kideak. Ekaineko deialdia lehena izanik, aurrera begira ekimenean jende gehiagok parte hartu dezakeela uste dute. Horregatik erabaki dute deialdi berria egitea.

Baina nola funtzionatzen du kontuak? Bada, inkesta bidali dio EHKOlektiboak interesa izan dezakeen jendeari. Parte hartu nahi duenak hori bete eta uztailaren 15a baino lehen bidali beharko du: “Gure lana informazio guztia biltzea izanen da, ondoren parte hartu duten guztiei taula bat bidaltzeko saltzeko/erosteko/trukatzeko dauden produktu guztiekin”.

Trukaketak egiteko harremanetan jartzea, berriz, norberaren esku egonen da. “Askotan hobeto ulertzen dugu elkar zuzeneko harremanetan jartzen garenean”, dio Gonzalez Bereauk.

Baserritar, okin, eraldatzaile nahiz abeltzainentzat

Aurreko deialdian, batez ere, okinek eta eraldaketan dabiltzanek hartu bazuten parte, abeltzainentzat ere oso interesgarri izan daitekeela uste dute antolatzaileek: “Garia egiten duenak askotan badu alpapa, edo belar bazka, eta hori abeltzainentzat aukera oso ona izan daiteke”.

Gure hartu-emanak ahalik eta gertuenera ekartzeko helburuarekin abiatu dute ekimena, distantziak mozteko. Agroekologiaren garapena eta lanketa egitea baita EHKOlektiboaren ardatz nagusia, baina betiere ondoko irizpideekin ulertuta: ekologikoa, tokikoa, sasoikoa. “Nekazaritza ekologikoa ingurumena eta gu guztion osasuna zaintzen duen eredua da, baina herri txikien biziraupena, gazteen nekazaritzarako sarbidea edota bertako ekoizpena eta kontsumoa ere bermatu beharra du, besteak beste. Kultura baten berreskurapena da, azken batean”.