Intxaur urte, arto urte

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (21:00ak arte)
Gaurko hitza
Lokatu
:  Txitak ateratzeko oiloa 21 egunetan kieto izaten da arraultzak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Lorategia  >  Zuhaitzak

Donostiako sosak
2016-07-17  |  Jakoba Errekondo

Landareen sentsibilitateaz eta inteligentziaz jabetzera iristen garenean beste era batera begiratuko diegu. Bitartean, bide horren jorran eta garbiketan lana suelto egin beharrean gara.

Gure ezjakintasunaren eta moztasunaren ondorioak hirietako zuhaitzek sufritzen dituzte gehien. Gehienen aburuz, zuhaitzek betebehar estetiko soila dute etxe inguruetan. Jende mordo bati “zikinkeria” sortzaile direla iruditzen zaio: hostoak botatzen dituzte, haziak, fruituak, adarrak... Sustraiekin espaloiak harrotzen dituztela ikusita azpijokoaren kriminalak eta zankalatrabatzaileak ere badirela uste duenik ere bada.

Kalifornian egin duten ikerketa baten arabera, ordea, zuhaitzek, besteak beste, mesede ekonomiko nabarmena dakarkiete beraiek zaintzen dituzten udal eta herritarrei. Hona datuak eurotan: hozte eta berokuntza sistemetan eragiten duten energia aurrezpena, 90,70 milioi; euri jasak baretzea, 37,21 milioi; aireko kutsadura garbitzea, 16,27 milioi; karbonoa metatzea, 9,25 milioi. Horri inguruan dituzten etxeei gehitzen dien balioa erantsi behar zaio: 752,22 milioi. Batuketa erraza da: 905,65 milioi euro. No eta to onura. Lau biztanleko, kaleko zuhaitz bat dute; denetara, 9,1 milioi zuhaitz. Baina beste hamasei milioi landatzeko tokia ere ba omen dute. Gaur egun dituztenekin, zuhaitz bakoitzak dakarren onura 100 eurokoa da.

Onura ekonomiko hori Donostiara eramaten saiatuko naiz. Itxuraz, 150.000 zuhaitz –kale, parke eta baso– eta 185.000 biztanle inguru ditu. Kalifornian zuhaitz batek eragiten duen mesedea eta Donostian egin dezakeena tankeratsukoa izan daitekeela ametituko bagenu, 150.000 zuhaitz horiek Donostiari eta donostiarrei hamabost milioi euroko dibidendu garbia ekarriko liekete. Donostiar bakoitzarentzat, 81 euro. Txartxoa!

Iruñeko 144.000 zuhaitzek sanferminek baino diru gehiago ematen diote 196.000 biztanleetako bakoitzari.

Euro hutsari lotutako hori zuhaitzei begiratzeko modu “zikinxeagoa” da, baina, haien mesederako bada, aurrera!