Akazia lore, antxoa urre

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Sotarruratu
:  Lurra goldatu aurretik triki-traka deituriko tresna batekin askatzen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Lorategia  >  Zuhaitzak

Suzko zuhaitza
2016-06-05  |  Jakoba Errekondo

Gure landare askoren jatorria izanik, ekialdera joateko edozein proposamen gogo onez hartzen dut, eta itsuskeria egitea kosta egiten zait. Hilabete bat edo bada Grezian izan naizela. Ahoa zabalik ez, lotsagatik, baina halatsu ibili naiz hango paisaietan. Itsaso ikusgarriak, olibondo (Olea europaea) eta zitriko (Citrus sp.) sailak eta elurmendutako mendiak argazki berean. Lur haietan izaten naizenero Federiko Krutwig handia etortzen zait gogora, areago maiatzeko lorediaren emana eta bere usain zoratzailea direla medio: bugainbilea (Bouganvillea spectabilis), mitxoleta (Papaver rhoeas), Judasen arbola (Cercis siliquastrum), granada (Punica granatum), algarroboa (Ceratonia siliqua)...

Ezagutzen ez nuen zuhaitz bat ere topatu nuen tartean. Kaleetako espaloietan zuhaitzak jartzeko egiten diren txorkoetan edo alkorkeetan ikusi ditut, edo parkeetan; hau da, hiriguneetan. Lanean topatutako lorezainei galdetu eta “akakia” dela zioten. Nik ez nion akazia tankerarik hartzen, baina guk Robinia pseudoacacia-ri sasiakazia deitzen diogun eran, han akazia nori ez ote diote deituko; batek daki. Hostoaren erakuskari bat eta lorearen argazki kaskar batzuk hartu eta etxera iritsi orduko liburuen itsasoan murgil egin nuen. Baita laster aurkitu ere. Grevillea robusta du izena. “Pinua” (“urrezko pinua”, loreagatik) eta “haritza” (“zetazko edo zilarrezko haritza”, hostailagatik) deitzen diote, baina niri beste izen bat gehiago gustatzen zait: “suzko zuhaitza”. Eskua baino handiagoko hostoa du, sakon ebakia, mehe-mehe, ia garo baten itxurakoa, eta azpiko aldea iletsu zilarkara. Neguan ez da soiltzen, eta udaberriko beroetan sugar koloreko lore multzo handiak irekitzen ditu, han-hemen, dagokien tokian ez baleude bezala. Deigarria da oso. Koloreaz gain, loreak multzo handi xamarretan emateak berezi egiten du. Alergia duenak, zer gerta ere, ez ukitzea hobe, dermatitis eragilea da.

Apaingarri erabiltzen da parkeetan. Azkar hazten bada ere, zur iraunkorra sortzen du: hesietarako, leihoetarako eta zurgintza lanetarako erabiltzen da. Gitarren kaxak ere egin izan dira, tonalitate berezia eransten dio, nonbait. Erleek lorea gustuko dute.

Guri landare asko Grezia aldetik, ekialdetik etorri bazaizkigu ere, suzko zuhaitza Australiatik ekarritakoa dute. Ekialdetik...