Zeru gorputzen mugimenduaz gehiago dakigu hankapean dugun lurraz baino Leonardo da Vinci

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (21:00ak arte)
Gaurko hitza
Lokatu
:  Txitak ateratzeko oiloa 21 egunetan kieto izaten da arraultzak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Egurra eta zura

Aitaren batean
2016-05-08  |  Jakoba Errekondo

Karrazkilloa edo karraskila (Rhamnus alaternus) ez da ugaria gurean. Berozalea da, eta gozo bizi ohi da zaletasun hori bera duten beste zuhaitz eta zuhaixken artean, hala nola gurbitza (Arbutus unedo), artelatza (Quercus suber), ereinotza (Laurus nobilis), ametza (Quercus pyrenaica) eta izenaren bukaeran “-tza” ez duten beste batzuk; adibidez, txilar zuria edo zurikatxa (Erica arborea), gartxu hostoestua (Phillyrea angustifolia), legeltxorra (Pistacia lentiscus) eta Portugalgo erramua (Prunus lusitanica). Lurralde heze epelak ditu gustuko. Euskal Herriko itsasaldeko paradisuan gozo etortzen da, ez ordea nonahi, atsegin dituen lurrak lehorrak, nitrogeno gutxi dutenak eta pH altukoak dira; ez alferrik esan ohi da karrazkilloaren bizitokiak artearen lurrak direla.

Espezie dioikoa da; hau da, landare batzuk emeak dira, eta beste batzuk arrak. Aurrekoan esan nuen, arraren polenak emea ernaltzen duenean azken horrek ematen duen fruitua janez gero tripak aitaren batean hustuko dira. Ale asko ahoratuz gero, berriz, barrunbean odoljario edo hemorragia arrisku galanta. Bere adartxoen eta hosto berrien ura odola urtzeko hartzen da; Pío Font i Quer botanikari katalanak ederki azaltzen du Plantas Medicinales, El Dioscorides renovado liburuan (1961): atzaparkada bat katilukada uretan jarri sutan, irakiten hasten denean aitagure bat esan eta sutatik kendu. Goizetan edan behar omen da, baraurik, azukrerik nahastu gabe eta milikerietan eta mizkinkerietan ibili gabe, rau barrura! Gaur egun, ilargiari eskerrak, aitagurerik ez dakigunez zer esan behar ote dugu? Zer bertsok edo kantuk du aitagure haren luzera edo antzekoa? Dakienak bota beza.

Bere adarrekin makilak egiten dira. Azala artilea horiz tindatzeko erabiltzen da. Zura, trinkoa gogorra eta berdina, tornuan lantzeko ona da. Zur horri kiratsa dariola dio Gerardo Lopez de Guereñu etnografo eta euskaltzain ohorezko arabarrak Botánica popular alavesa liburuan (1975); baita ogi-labeak berotzeko erregai bikaina dela ere. Bere lehengusu Rhamnus frangula zumalikarrarena bezala, kirtenak egiteko egokia da. Lehengusu horri buruz, Luis Miguel García Bona biologista nafarrak bitxikeria polita dakar Navarra, plantas medicinales liburuan (1981): bere ikatz arina bolbora egiteko erabiltzen zen.