Intxaurraren azpian lo egitea txarra

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Sotarruratu
:  Lurra goldatu aurretik triki-traka deituriko tresna batekin askatzen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Baso landatuak

Deabru-zura
2016-04-24  |  Jakoba Errekondo

Zuraz inguratua nabil azken aldi honetan. Basoak eta zuhaitzak gugan duen indarra, eta gure kulturan duen eraginaz dokumental galant horietako bat egiteko ardura tzarra hartua du bizkarrean Jon Maiak; Gutik Zura du izena eta bera gauzatzen sos batzuekin lagundu nahi duenak jo beza webgune honetara, www.verkami.com/projects/14630-gutik-zura. Galdezka etorri zait, eta ezin dut burutik kendu gure kulturak eta zurak duten eman-hartu estua.

Malerrekako Zubietan izan naiz aurreko asteburuan. Ezkurra errekaren erriberetan, Landan barrena ibili gara bertakoekin ikasten bertako landare, mendi, toki eta abarren izenak. Tartean bada Petrixeneko Lino Elizaldek landatutako zuhaitz bilduma polit bat. Han azaldu zuen jendeak zuhaitzotaz dakiena, denon ikasgai: mozkortu nahi baduzu honen fruitua jan, honen loreak ikaragarrizko usaina du, honen alea sagardoari nahasten zitzaion, txiletarra da hau; banan-banan pasa genituen aurrez aurre ezagutzeko. Horrelako aurkezpenak eginez ikasten da. Errekan beherexeago, bide bazterrean ezagutu genuen arbustua –arbustu arrunta edo japoniar arbustua– edo “deabru-zura” deitzen dena, Ligustrum japonicum. “Deabru-zura” hori nondik ote datorkio? Bere zura gogorra eta malgua da; ez da holakorik erraz aurkitzen. Adar berriak lokarri gisa erabili izan dira. Hortik ote datorkio izena, Ligustrum alegia? Plinio Zaharrak omen dio lĭgo,āre (lotu) aditz latinotik datorkiola. Upelak itxi eta irekitzen dituzten txotxetan ere ikusi izan dut zur hori.

Zubietako Landako bueltan zebilen Saldiasko Enekoren sendiak pinudia bota omen du, eta sos batzuk hartu omen dituztenez galdezka nuen ea zer zuhaitz landatu etoooorkizunari begira. Berak sasiakazia (Robinia pseudoacacia) aipatu eta zenbaitek kontuz ibiltzeko esan diola, inbaditzailea dela eta terreno muganteen jabeak kexu izango dituela, eta nik: egiten duena egiten duela, jartzen duena jartzen duela muganteekin triska beti izango duela eta sasiakaziarekin aurrera jotzeko, zalantzarik gabe! Sekuoiez (Sequoia sempervirens eta Sequoiadendron giganteum) ere jakin nahi zuen, eta alertzeaz (Larix europaea), eta nik zedroa (Cedrus sp.) aipatu nion, gure etxera etortzen denero hainbeste ferekatzen duen mahaiaren materiala. Horiez gain, Linoren bilduman ezagutu zuen kriptomeria (Criptomeria japonica) ere jartzeko. Basoen diseinua, etorkizuna.