Bizi-baratzea

Tanzania

'Ujamaa', Tanzaniako baserri txikietako sozialismo kasik ahaztua
2016-03-27  |  Pello Zubiria Kamino

Tanzaniako askapenaren aita eta Afrika deskolonizatuaren aitzindari Julius Nyererek aldarrikatu zuen afrikar sustraiko sozialismoa, herri txiki autogestionatuz osatua, gizon eta emakumeen arteko berdintasunezkoa... Eredua 1960ko hamarkadan Ruvuma eskualdean loratu ostean, Nyereren alderdiko buruek ito zuten, baina erakagarria izaten segitzen du mende erdiren buruan. 

“Ujamaa, the hidden story of Tanzania’s socialist villages” liburutik ateratako argazkia Ruvuma eskualdeko Litowa herri autogestionatuan dago egina 1969an. Eskuinetik hasita, Ralph Ibbot, RDA Ruvuma Development Agency elkartearen sortzaile nagusi Ntimbanjayo Millinga eta Ado Mgimba. Urte hartan bertan Julius Nyerere, sozialismo afrikarraren teoriko eta sustatzailea, galtzaile atera zen TANU alderdiaren komite zentralaren bozketan eta RDA desegitea erabaki zen. Historia liburuan bildu duen Ibbot Glasgown bizi da 90 urterekin. Millinga 2008an hil zen 69rekin.

Berrogei urtez eduki du Ralph Ibbottek apalean lagata “Ujamaa, the hidden story of Tanzania’s socialist villages” (Tanzaniako herrixka sozialisten historia ezkutatua) liburuaren eskuizkribua. Gaur 90 urteren bueltan dabiltzan Ralph eta Maureen senar-emazteek lan isila egiten dute Eskozian RUDA Tanzania elkarte txikian baina ez dute ahazten.

Selma James hurbildu zitzaien Tanzaniaz galdezka. Borroka feministan ezaguna da James, Global Women’s Strike (Emakumeen Mundu Greba) mugimenduaren lider ezaguna. Ibottarrek ujamaa esperientziaz azaldu ziotenarekin liluraturik, James berak egindako hitzaurrearekin argitaratu die liburua.

ARGIAko irakurle zaharrenek gogoratuko dute Julius Nyerere, Afrika deskolonizatu nahi izan zuten lider handietakoa. 1962an ordura arte Tanganika zena Tanzania izenez burujabe izatea lorturik, kapitalismotik at funtzionatuko zuen gizartea aldarrikatu zuen, hamarkada hartan beste buruzagi askatzaile askok bezala.

Haurtzaroan bere tribuan auzolana ezaguturik, Nyererek afrikar izpirituko sozialismoari deitu zion ujamaa, swahiliz esan nahi omen duena senidetasuna edo familiatasuna. Ezkertiar askok antzinako baserrietako bizitza gainditu beharreko zaharkeriatzat zeukaten arren, Nyererentzat herritar gehienek aprobetxatu zezaketen sorterrietako komunalismo zaharra, behar modernoetara egokiturik, kapitalismoari izkin eginteko.

Sozialismo afrikarra eraikitzeko –dirurik gabe funtzionatuko zuena, antzinako lur eta kulturan sustraitua, berdintasunezkoa– bi arazo nagusi aurreikusten zituen Nyererek. Lehena, emakumeen menpekotasuna: “Ezin ukatuzkoa da gaur oraindik emakumeek dagokiena baino lan gehiago egiten dutela soroetan eta etxeetan. Beren sexuagatik jasaten dituzte desberdintasunak batere zerikusirik ez dutenak familiei dakarkieten aberastasunarekin”. Buruzagiak salatzen zuen emakumeak lanean jarrita gizonek egun erdia alferkerian pasatzen zutela.

Gainditu beharreko bigarren oztopoa zen lurra lantzeko modu zaharkitua, eta uste zuen laborantza modernizatzearekin Tanzaniak jauzi handia egin zezakeela garapen bidean. Horretan laguntzera iritsi zen Tanzaniara Rhodesiatik –gaur Zimbabwe denetik apartheideko erregimenak kanporatuta– baserrien administrazioa ikasitako Ralph Ibbott bere emazte eta bi haurrekin, 1963an.

Ruvuma eskualdeko Litowa herrian Ibbottek ujamaa jada martxan aurkitu zuen. Ntimbanjayo Millinga eta beste 14 gaztek Nyererek hitzez esana praktikan jarri nahian zeramatzaten hiru urte: kooperatiba gisa autokudeatutako herrixkak, erabakiak bozketaz baino kontsentsuz hartzen ahalegintzen zirenak. Ibbottek aholkulari moduan lagunduko zien ondorengo sei urteetan, baina atzerritar zuria izanik boto eta erabakitzeko ahalmenik gabe.

RDA Ruvuma Garatzeko Elkartea antolatu zuten eskualdean ujamaa zabaltzeko. 1969rako 17 herrixkak osatzen zuten RDA, batzuk 80 familia baino gehiagokoak. Beharrezko janari guztia herrian ekoizten zuten, etxeak beraiek eraikitzen buztin eta zurez, dirua eskuratzeko –kanpotik tresnak eta beste erosi ahal izateko– tabakoa lantzen zuten, eskolak eta osasun guneak eraiki, soroak ureztatzeko erretenak eta iturriak, zerrategiak, laboreak ehotzeko errotak...

Beste herriren batetik ujamaan bizitzera etorri nahi zutenak, hiru eguneko ikastaroan hartzen zituzten, gero sei hilabeteko probaldian onartzen beren familiekin etorrita eta azkenean, dena ondo bazihoan, etxea eraiki zezaten lur mutur bat ematen zieten.

Auzolana versus burokrazia

Liburuaren hitzaurrean Selma Jamesek nabarmendu du andrazkoen ahalduntzeko Ruvumako ujamaa herrixketan egindako ahalegina. Asteroko batzarrean errazten zitzaien hitz egitea, beren interesak kontutan hartuz. Etxeko lanak eta haurren zaintza herrian astero banatu beharreko lanen artean kontatzen ziren.  Iturriko ura ekartzearekin emazte eta haurrei kendu zitzaien ur garraioan ibili beharra.

Uztak lagatzen zituen diru pittinak berdintasunez banatzen ziren, eta partiketan sartzen ziren zaharrak eta ezinduak ere, laboreak piztietatik babesten eta herriko ume eta gaixoak zaintzen laguntzen zutelako.

Umeen hilkortasun tasa asko jaitsi zen. Litowako eskolara hasi ziren etortzen inguruko herrietako haurrak. Etxeetako bortizkeria desagerrarazten eta emakumeen estatusa hobetzen aurrerapen handiak egin ziren.

Honaino RDAko 17 ujamaa herri haietako esperientzia, Ibbottek kontatua. Bai baita ujamaaren bestelako bertsio bat, zabalduena eta Wikipediak berak Julius Nyerere sarreran kontatzen duena. Alegia, Nyererek herri txikiak herri berrietan biltzera bortxatu zituela, 20 milioi lagun 1970ko hamarkadan, eta ingelesez villagization deitu esperientzia honek sekulako porrot ekonomiko eta humanitarioa eragin zuela, goseteaz gain Tanzania txirotasunean murgilduz.

Kontua da elkarri lotutako bi esperientzia oso ezberdin bizi izan dituela Tanzaniak, Ralph Ibbotten liburuak erakutsi duenez. Lehenbiziko 17 herri autokudeatuen haria, Tanzaniako Ruvuma eskualdean RDAk biltzen zituen haiena, 1969an eten zuen TANU alderdi bakarreko zuzendaritzak. Eta ondoren izen berarekin bortxaz agintariek ezarritako sistema zentralizatu eta homogeneoa oso bestelako zerbait zela.

1969an Tanzaniatik alde egin behar izan zuen Ibbott familiak. Eskoziako Glasgown Greenock auzo txiroan aritu zen gizarte laguntzaile bezala, ahaleginduz inguru hiritar andeatu batean aplikatzen ujamaa sisteman bizi izandakoa. Millinga eta Ruvumako beste lagunekin beti atxiki zuen harremana, diskrezio handiz, hauei kalterik ez eragiteko. Eta Glasgowtik RUDA Tanzania izeneko elkartasun talde txiki batekin eskola, nekazaritza eta abarretako proiektuak finantzatzen laguntzen jarraitzen du.

Ralph Ibbottek dioenez, Nyererek beti aldarrikatu zuen RDAko 17 herrixkak zirela sozialismo afrikarraren eredu, baina TANU alderdiko eliteak arriskutsutzat zeuzkan, komite zentraleko kide asko hasiak ziren aberastasuna eta agintea metatzen: ujamaa igualitarioak eredu lanjerosak ziren. Bestalde, kooperatiba haietan eskupeko eta komisio ezkutuek ez zuten funtziontzen, eta TANUn, aldiz, ustelkeria zabaltzen ari zen.

Beste askotan legez, alderdi nagusiko aparatuko funtzionariak ideiaren jabe eginda ujamaa bataiatu zuten justu kontrako norabidean antolatutako operazio zentralizatua. Autogestiozko esperientzia ahazturak estaliko zuen betiko, baldin eta interneti esker Ralph Ibbotten lekukotasuna zabaldu ez balitz.