Babak esan omen zuen: txikia banintzen, handia banintzen, apirilean lorea nintzen

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Kereta
:  Adar, kanabera, makil, zarba edo egur arinez egindako atea,... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Egurra eta zura

143 agai
2016-03-13  |  Jakoba Errekondo

Arbolari bezalaxe zuhaitzari agaia jarri eta adarrei goian eustea kultura da. Jakintza handia, kultura. Bestela adarrak hautsita eta desitxuratuta, zarrapastroso litzatekeen landare tzarrari lagundu, eta era berean etorkizun berri bat eman. Kultura: landu. Hazten lagundu. Zenbaitetan baita zeharo bestelakoa izango den landare bat izateraino ere. Bere buruaz beste landare bat egiten dugu.

Adibide polita bezain ikusgarria dute Formenteran. Ikusgarria bai, benetan, bisita bat merezi duten horietakoa. Makina bat gauza kaxkarrago ezagutzeko asmoz mugitzen gara urrutirago... “Na Blanca d’en Mestre” du izena, eta pikondo bat da, Ficus carica. Es Pla d’en Mestren bizi da; ehunen bat urte ditu, eta 356 metro koadroko itzala egiten du.

Pikondoa indarrean etortzen den arbola da; behin itsatsita, azkar hazten den horietakoa. Baina egur makala du, ahula, maskala. Azkar hazten delako ala azkarrago hazi nahi duelako? Zein ote egur gogorra ez egitearen arrazoia? Batetik, egur sendo zeken iraunkorra ez egiteak azkar hazteko aukera ematen du. Energia gutxiago behar du. Azkarrago haziko da. Bestetik, egur biguina sortzeak adarrak pixka bat luzatu orduko makurtu eta lurreratzea dakar. Lurra ukitzen duenean sustraiak emango ditu, eta bertan, adar hori dela medio amari lotutako pikondo berria haziko da. Horri berari ere adarrak hazi, makurtu, errotu, itsatsi eta landare berriak etorri; bukatzen ez den katea. Pikondoari bakea emanez gero, inguruko jira-buelta osoa harrapatuko luke adarretik sortutako arbola berriz; gero eta zabalago, heda eta heda, pikondo erraldoi bat eta bakarra litzatekeena sortuz.

Horixe da “Na Blanca d’en Mestre”. Hazi ahala makurtzera jotzen duten adarrei, ordea, makulua, agaia jarri diete. Eta agaian sendo oinarrituta adarrak aurrera; eta agai berria eta aurrera. Pikondoak 356 metro koadro azpian hartu arte, ahuntz-talde eta artalde galanten abaro. Arkitektoen ikasgai da. Eraikuntza dela diote. Nik kultura dela diot, 143 agaik eusten duten monumentua. 1992an izen hori eman zioten; Europako pikondo handiena omen.