Baratza bati ekiten diozun egunean hasten da bizitza Esaera txinatarra

Bizi-baratzea

Lorategia  >  Zuhaitzak

Irozgarritzea
2016-03-06  |  Jakoba Errekondo

Zuhaitza landatu berria da. Berarekin batera aldamenean sartu dugun hesolari lotu eta alde ederrean itsatsiko da. Zazpi haizeekin jolasean eta ekaitzekin dantzan ikasten duen artean, sustraiek, hazi eta hazi, eutsi eta eutsi, luze-zabal-sakonean ederki miatuko dituzte inguruak bizitzeko hazkurri bila. Lurrari lotzen eta atxikitzen den artean, hesolaren lana ez da nolanahikoa. Zenbaitek estu-estu lotzen diote zuhaitza: okerreko hutsegitea. Lotua baina mugitzeko adina lasai izan behar du. Hara-honako horrek sustraitzera lagunduko du, baita etorkizunean bakarrik bizitzera ohitzera ere. Baina lotua, sendo errotu arte eusteko, alegia. Behin baino gehiagotan, askotan, ikusi izan dut euskailu lanetarako jarritako hesola bera itsasten eta eutsi beharreko zuhaitza barregarri utziz, bera baino indar eta kemen gehiagoz hazten. Sahatsa (Salix sp.), platanoa (Platanus x hispanica) eta sasiakazia (Robinia pseudoacacia) iaioak dira egur hutsetik erroak egin eta itsasten, apareju ederrak!

Zuhaitzen batek, zuren batek, egurren batek emango du hesola. Baita fruituak bildu asmoz moiltzeko joko duen haga ere. Eta baldoa, eta taketa, eta pazota, eta makila, eta estaka, eta parda, eta zurkaitza, eta parra, eta barda, eta masteleroa, eta tantaia, eta hestanga, eta paldoa, eta astamakila, eta habea, eta estrongoa, eta baranda, eta ziria, eta masta, eta apeoa. Eta irozgarri duen edozein, ostiko edo zutiko.

Zuhaitzak eta arbolak gaztetan behar dute hesola laguntzailea, baina baita zahartzaroan ere. Zuhaitz zahar handi ongi zainduaren adar luzeei eusteko agaiak jartzen zaizkio. Gure moduan, zahartzean ere umetu egingo dira, nonbait... Mutur biko agaia, txardengoa (xardangoa, sardangoa...) izango da zuhaitzak zahartzaroan izango duen makulu onena. Agaia maite du, baita ere, fruituz mukuru datorren sasoian fruitu-arbolak. Fruitu koxkorrak hazten diren eran adarrak makurtzen dira, eta, gutxien uste denean, ustel: krakateko bat eta urtetako arbola elbarrituta. Zut eta gora ba agaiak!