Bizi-baratzea

Lorategia  >  Zuhaitzak

Zuhaitz turismoa
2016-02-28  |  Jakoba Errekondo
Atlaseko zedro urdin negartia, Frantziako “lehiakidea” Europako urteko zuhaitzaren hautaketarako.Emmanuel Boitier

“Sustraietatik / buruko zozoraino / oro da zuhaitza”, idatzi zuen Josetxo Azkona poetak. Ez dut zuhaitzak burutik kentzerik. Urte pare bat badaramat etxerako sarrerako bidea hasten den txokoan jartzeko zuhaitz bat aukeratu ezinik. Toki deigarria da, eta bertan jartzen dena nabarmena izango da beti. Bertan bizi izan da, urte batzuez, gure aitak elorri zuri (Crataegus monogyna) baten gainean txertatutako mizpirondo bat (Mespilus germanica). Urte pare horixe da hil zela, eta harrez geroztik, bertan aldatzeko ordezko berezi bat nahi eta ezin hauta. Zuhaitz askok dute bertan jartzeko adina merezi, bai alajainena. Neuk bakarra nahi, ordea, hazteko eta izateko nahikoa toki izan dezan. 

Urtero hautatzen da Europako zuhaitza ere. Txekian aspaldi hasitako ohitura da, orain ia Europa osora hedatua. Ez da handiena edo zaharrena saritu nahi, inguruko kulturarekin duen lotura baizik. Otsailean eman daiteke botoa, honoko webgune honetan: www.treeoftheyear.org. Bertan dituzu hautagaiak, zein baino zein dotoreago. Elkarte ugarik parte hartzen dute, eta bakoitzak berea loriatzen du. Hauek “lehiakideak”: txekiarra eta alemana dira bi ezki hostozabal (Tilia platyphyllos), irlandar pago bat (Fagus sylvatica), frantziarra da Atlaseko zedro urdin negarti bat (Cedrus atlantica “Glauca Pendula”), eslovakiarra udareondo bat (Pyrus communis), ingelesa maaltza da (Pyrus pyraster), nabarmen ugarienak haritzak dira: sei kandudunak (Quercus robur) belgikarra, bulgariarra, poloniarra, irlandarra, galestarra eta estoniarra; kandugabea (Quercus petraea) eskoziarra; eta ilaunduna (Quercus pubescens) hungariarra. Xelebreena espainiarra, bikote bat da: ametz (Quercus pyrenaica) baten gainean bizi den pinu gorria (Pinus sylvestris). 

Hautatzeaz ari garenez, merezi du webgune horretan sartu-atera bat egitea. Zuhaitz bakoitzaren inguruko berri ematen du, baita bakoitzaren kokapen zehatza ere, GPS koordenatuekin. Oporretan nora jo hautatu ezinik bazabiltza, heldu zuhaitz turismoari.