Imajinatzen duzunetik areago zerbait lortzearen poza sekula bizitu ez baduzu, baratze bat jarri Robert Brault

Bizi-baratzea

Sustraien eguna (00:20ak arte)
Gaurko hitza
Kime
:  Zuhaitz-adar mehea, kimu.
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Fruituak

Aurrekoa atzera, kontainerrean
2015-09-06  |  Jakoba Errekondo

Japonian fruituei egiten dieten ohiz kanpoko goratzarrearekin utzi nuen txoko hau uda aurrean. Uda eta udazkena arteko sasoi honi ezin ekin fruituak ahaztuta. Duela ez asko, bertsolari batek “errotu” eta “garatu” hitzen garrantzia berritu zidan. Bat dira. Zer da lehena, garatu denaren hazia errotzea edo errotutako hazia bilduko duen fruitua emateko garatzea? Erro eta gara, bat. Erroa lurrean barrena luzatuko da, lurrera lotzen gaituen grabitatearen indarraren alde. Gara gora dator, grabitateari kontra eginez. Lurpean eta lur gainean luzatzen den izaki bakarra da landarea, erro-gara. Izaki horren kopiak sortzeko bidea da fruitua. Fruituko hazia. Kopiak, baina halamoduzko kopiak, kopia okerrak, erdipurdikoak edo berebizikoak. Nork daki!     

Hazia beti da mirakulua. Hazia aitaren eta amaren arteko nahasketaren emaitza gorena da. Arraren eta emearen arteko gurutzatzea. Amak eta aitak bakoitzak bere aldetik dakarten familia zuhaitzaren informazio genetikoa nahasi eta berrantolatzen da hazi bakoitzean. Hazi batek milaka urteko informazio genetikoa laburbiltzen du, eta itxura berria ematen dio. Etengabe berritu eta egokitzen den milioika urteko informazioari bizia emateko gai da hazi bat. Hibrido berriak. Etorkizuna.     

Hazi bat edo fruitu bat jaten dugunero kontuan izan beharko genuke: oraintxe jaten ari garen babarrun berriak, lekak, sagarrak, piperrak, alberjiniak, kuiatxoak, udareak... Eskuetan dugun hazi horrek zer historia ote dakar?, eta zer historia berri sortu nahi ote du? Berriz ere, bere espeziearen historia berritu nahi du atzera. Hazia hozitu eta errotuko litzatekeenetik atzera, landare berriak aurreko denei etorkizuna emango lieke. Landare bakoitzak, atzera, aurrerabidea erakutsiz espeziea biziberritzen du. Landare bakoitzak bide bat eta bakarra. Hazi bakoitza informazio genetiko berezi baten, aparteko konbinazio baten kontainerra baita. Aurrekoa, atzera, hazi bakoitzetik atzera aurreratzen.          

Errotu eta garatu hitzen kontua piztu zuen bertsolariari, “aurrera-atzera” hitzen jokoa luzatu nion, itzulinguruak utzi eta adarrez adar, jo eta salto ibili beharrean, errora jotzearren. Zainera. Kontu guztiak, edaten ari ginen sagardo eskas halakoaren erruz. Erdipurdiko alaena!