Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Tomatearen zapela
2015-05-24  |  Jakoba Errekondo

Tomateak  (Lycopersicon esculentum) adina kontu sortzen duen lagunik ez dugu baratzean. Ameriketatik ekarria, Europako lurralde bero eta lehorretan hedatu zen eta hango jendearen migrazioarekin pixkanaka zabaldu. Baita guregana iritsi ere. Euskaldunek errezelo gorriz hartzen zuten kanpotik etorritakoek gatz ttantta bat bota eta, raka-raka, koskaka jaten zuten fruitu bigun urtsua. Eginda bai, saltsetan erraz etxekotu zen, baina gordinik gutxik jaten zuten. Gure etxean, amonak mordoa egiten zuen baratzean, baita saldu ere leka, piper eta urazekin batera, baina aitonak zahartu eta gero ikasi zuen gordinik jaten. Geuk ere, umetan, gordinik azukrea botata jan ohi genuen... Gerora ikasitakoa da olio-ozpinetakoa.  

Tomatea jaten ikastea ederki kostatu zaigu, baina orain amorratuak gara. Tomatea gordinik jaten ez duen oso lagun gutxi topatuko duzu. Eta makurrago dena, urte guztian nahi dugu. Euskal Herri hezea, ordea, ez da tomate tokia. Tomate urtea mirariaren hurrengoa da. Tomateak gauza bakarra eskatzen du: bero lehorra. Eta hori da hemen mirari! Ia-ia Otxandioko pikoaren parekoa da beheko aldeko lurretako tomatea.

Oraintxe da tomatea lur heze horietan aldatzeko sasoia. Hona tomatea izan nahi duenarentzat aholku batzuk. Bertan urte asko daramatzan aldaera edo klasea aukeratu: Narbartekoa, Igeldokoa, Aretxabaletakoa, Tuterakoa, Zarauzkoa, Erandiokoa, Murchantekoa... Toki beroena aukeratu, ahal baduzu hegora begira dagoen horma baten kontra. Landare batetik bestera tarte handia utzi, eguzkiak landare osoa berotu eta lehortu behar du, baita lurra ere. Airea erraz mugi dadila, hezetasuna eraman dezan. Aldatzerakoan lur-tontor bat eraiki eta gaineko muturrean aldatu. Zuloan asun (Urtica dioica) hosto edo zarbak jarri, lur pixka batekin estali eta gainean aldatu. Sakon sartu, zurtoinetik sustraiak emateko joera handia du, eta horrek lagundu besterik ez du egiten. Haren tartean tajeteak (Tagetes patula), ilenak (Calendula officinalis) eta albahakak (Ocimum basilicum) jarri. Itsasteko ureztatzeko, egun batzuez asuna eduki duen ura erabili. Landareari zauririk ez egin, juxtu-juxtu kimatu, baina azpiko hostoak ez kendu; zaurietatik sartzen dira gaitzak. Egun beltzak badatoz eta gorrina eta halako gaitzak agertzeko arriskua bada tratamenduan salda bordelesa, sufrea, azeribuztan-ura eta esnea nahastuta eman. Eta ihintzaren hezetasun kaltegarria kentzeko arbatzean jarri dizkiogun makilatik makilara zapela lana egingo duen plastiko edo oihal bat jarri. Goia estalia, alboak libre.


Zurea bidali