Bizi-baratzea

Bestelakoak

Zeruak eta lurrak
2015-04-26  |  Jakoba Errekondo
Mihura (Viscum album) sagarrondoan.George Chernilevsky

Zuhaitzak lotzen ditu zeruak eta lurrak. Zutik den haitzak. Ez harrizko haitzak, harkaitzak. Ezta zurkaitzak ere. Bizirik behar du zurak; zuhaitz behar du.

Zuhaitzak zainak ditu lurrean eta zainak zeruan. Sustraiak lurrean eta sustraiak zeruan. Adarrak lurrean eta adarrak zeruan. Besangak lurrean eta besangak zeruan. Zein da handiagoa, lurpeko zuhaitza edo zerukoa? Zuhaitz helduetan, gehienean, handiena lurreko zatia dela dema egingo nuke. Biak antzekoak direla jo dezagun. Bi oihal josten dituzten albainuak bezalakoak dira zuhaitzak, lurrak eta zeruak harilkatzen. Elkarri ihes egin nahi dioten bi batean heltzen dituen kateorratza.

Zuhaitzak diren tokietan lotura egina dago. Basoak oihanak zuhaiztiak eraitsitako tokietan beste haitz batzuk zutitu genituen. Zeruak eta lurrak eta zeruak lotuko zituzten zutikako haitzak: menhirrak, iruinarriak, harrespilak, mairu baratzeak, jentil baratzeak... Geure buruak gure otoitzak behar zituen kateorratzak.

Zuhaitzen lan horren arrasto ugari dugu. Etxeko atearen hutsartea zaintzeko jartzen ditugun lore-txortatxoak, lizarrak (Fraxinus excelsior), elorri zuriak (Crataegus sp.), erramuak (Laurus nobilis) eta palmak (Phoenix canariensis). Etxeari teilatua ematean gailurraren muturrean jartzen zaion lizarra edo erramua; trapalaren, montxorraren edo ostrokuaren dei eta eskari. Ateburuan eta sabaian azpitik igarotzeko zintzilikatutako mihura (Viscum album). Bizitzara lotzen gaituzten kateorratzak.

Mihuraren gurtza ez da berdantza-bartekoa. Zuhaitzak hostoak galdu eta soiltzen denean, hor jarraitzen du mihurak, berde asko, bizi-bizi. Harrigarria dena gurgarri. Haritzean hazitakoa omen da auzoko galoentzat onena. Gaitz ugariren sendabide, eta sutetik babesten duena. Udako solstizioan, egun luzeenetan biltzen zen. Eta lehengo urtekoa sutara. Sanjoan suaren garrantzia. Ez dut ezagutu mihuradun haritzik. Sagarrondoak, udareondoak, ezkiak, sasiakaziak, astigarrak... baina haritzik sekula ez.


Zurea bidali