Baratzezain baten hankasartzerik handienetakoa, arduradun bakarra bera dela pentsatzea da Janet Gillespie

Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Orain porru haziak
2015-03-08  |  Jakoba Errekondo

Aurten sekula baino har gehiago ikusi dut porruetan (Allium porrum) barrena. Acrolepiopsis assectella izena duen har ttiki txatxu batek porruaren bihotzean zulobidea egiteko ohitura du. Porrua begi bakarreko landarea da; hosto guztiak kimu bakar baten bueltan hazten dira, baita gero lorea emateko tontortuko den gara ere. Kimu horretan sortzen dena, guriaren gurienean, bapo janez hazten da harra. Udaberrian eta udan tximeleta etortzen da, eta porruan edo inguruko lurrean arrautzak jartzen ditu. Horietatik har ttikiak jaioko dira, eta zuzenean bereari ekingo diote: jan eta jan. Harrak erosi dugun porru landarean bertan etor daitezke. Baita aldatu ondoren ere, tximeletaren arrautzetatik. Ez da intsektu askorik, porruari erasotzen dionik, haren berezko defentsa naturalak –usain eta dasta biziak– gaindituta. Gaixtoena, har petral horixe.

Orain neguan hotzak pasa dituenean jartzen da porrua gozoena. Porrusalda suspertzaile bat egiteko asmotan baratzera jo eta ustekabea, har lotsagabe arraioa! Nazka apur bat ematen du. Porru ederra sartu digu harrak. Zenbaitek porrurik gehiago hartu ere ez.

Neguan harrik gabeko porrua nahi izanez gero, bi lan hartu, zein baino zein errazagoak. Lehena, landarea muintegitik atera eta aldatu aurretik 36-48 orduz eguzkitan edukitzea. Ondo lehortu dadila. Negarrez ari den ilobak bezala, pena pixka bat ematen du; baina landareak ez du sufrituko. Har txikia barruan apopilo badarama, hark bai; hura ur faltak akabatuko du. Gero, landarea aldatutakoan, erruz ureztatu, sakon eta sarri, ondo itsatsi arte. Bigarrena, porru tartean azenarioak jarri, edo aurrez azenarioak ereindako errenka artean porru arroilak edo errelduak. Azenarioa bezala apioa; horien usaina ez zaio gustatzen tximeletari, eta ez da hurbilduko. Aldameneko baratzera joango da.

Gero, ez ahaztu, porru saila atera bezain pronto lurra harrotu. Hurrengo urterako han jarri dituzten arrautzak babesik gabe utziko dituzu.

Lantxo horiek hartuz gero, ezetz porru harrik izan hurrengo neguan!