Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Gaitzak eta izurriteak

Luhartza
2015-03-01  |  Jakoba Errekondo
Luhartza, Gryllotalpa gryllotalpa.

Erriberetako izurrite handienetakoa da luhartza (Gryllotalpa gryllotalpa). Ondo latina jarri zioten izena: “gryllo” kilkerra eta “talpa” satorra. Bikoitza da luhartza: era berean kilker handi bat eta sator ttiki bat. Euskaraz izen mordoa duela egingo nuke; nik han eta hemen beste bi ikasi ditut: Ziortza-Bolibarren “lur-txakurra” eta Aramaioko Oletan “txir-txir satorra”. Jean Baptiste Althabek 1910eko Euskaltzaleen Biltzarrari helarazi zizkion Zuberoako 357 hitzen artean “falphak” azaltzen da. Honela jaso zuen “biltzarreko eskribari Aphez Martin Landerreche” sinatzen duenak: “Falphak: Lurpeko, luharga, luhartz, landaregurijaleak”. Beste bi hitz, beraz, luhartza esateko: falpha eta luharga. Umandi oparoak bere hiztegi mardulean izen mordoa jasoa du, tartean dotore askoak: arrodi, arrogi, arroi, arrubi, arrubio, arrule-arrubio, arruge, lugartz, lur-txakur, erlui, har-txakur, hogeita lauoreneko, hogeita lau orduko, karramarruaga, pio-pio, laur zangotako, otxabarri, otxarrabi, segarora, sikilikitu, arlui, zalmiroi, xabiroi, xaubiroi. Izen batzuk zein baino zein politagoak iruditu zaizkit. Horien nondik norakoa arrazoitzeko ezagut dezagun luhartza.

Kilkerraren antza du, baina handixeagoa da (4-5 zentimetro). Gorri aireko gorputza du, eta karramarroek dituztenen antzeko haginak. Hagin horiek bere bizimoduaren eboluzioaren adierazle ederrak dira: bazkaren bila (zizare, har, txindurri...) lurpean galeriak egiten ditu, satorren antzera, eta landareen sustraiak moztu. Landareak oso-osorik ere epaitu ditzake, ipurditik. Azaltzen den tokietan ez da gauza onik; sustraiak edo landareak ebakiz kalte latzak egiten ditu. Lur fresko, arin eta batez ere harroetan bizi da. Udaberriko gau epeletan arraren kantua entzun daiteke, zatarenaren tankerakoa omen. Lurpeko galerietan, aparteko txokoak eraikitzen ditu, kantuari doinu berezia eransteko, emeen erakargarri.

Trikua, satorra, satagina, arratoia, azeria, araba-zozoa, ipar-belea eta harrapariak ditu arerio. Asia aldean, jendeak ere jaten omen du. Eta zenbait arrainen arrantzan beita preziatua da.