Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Bestelakoak

Lekitto-belarra eta sorkia
2014-12-14  |  Jakoba Errekondo

Udazkeneroko dolarez dolareko ibileran, aurten geldialdi berri bat egitea egokitu zait. Ustekabean topatu dut dolarea. Txakolin dolarea. Lekeitiora gonbidatu naute, baratze batera. Gezurra badirudi ere, lurrekotik lotu naute Lekeitiora, ez itsasokotik.

Garai batean txakolina erruz egiten zen Lekeition, milaka litro asko eta asko. Egun oso gutxi egiten da, baina txakolin polita. Nik Itziar Goienetxeak Pipas izenarekin egiten duena dastatu dut: ederra!

Usotegin ezagutu nuen txakolin hori. Usotegi, herriko sarreran dagoen baratze eder baten izena da. Pendiz bizian, harlanduzko harresiz inguratuta, taulen erosoak izateko mailakatutako baratzera, beheko kaleko sarrera hanpatsu batetik erdiz erdi gora egiten duen eskailera zabal batetik igotzen da. Goian, usategi handi bat, Calabria edo Peloponeso gogora ekartzen duten bere onetik ateratako altzifre (Cupressus sempervirens) hesi dotore bat zenaren hondarrek babestua. Toki ikusgarria, eguzki begi egutera ezin ibargiagoa. Atlantikora ekarritako Mediterraneo puskatxo bat.

Utzia ez, utzietsia baino gehiago abandonatua zegoen baratze hori herri baratze bihurtu dute. Lekitto-belarra (barrabasa edo txomin-belarra, Oxalis acetosella) deitu dioten elkarte bat sortu, eta herritar mordo bat hor dabil, baratzea aitzakia duela, lurrarekiko lotura lekeitiarren artean itsatsarazi nahian. Belar madarikatuaren izena iraultzarazi. Herriarena den baratze horren utzikeria iraultzeari ekin ziotela bi urte bete dira aurten, eta, txukundu eta ederki jantzi ondoren, jendeari ireki dira baratzea eta baratzezainak. Jai gozoa eratu dute: joaldunak, herriko nekazarien mozkinak...

Hortxe zegoen aipatutako txakolina. Aldameneko mahaian, pipermin (Piper sp.) eta kipula gorri (Allium cepa) artean hantxe, aulkitxoan, Mendexako Perlieneko Edurne Agirre. Piperminen minaren graduaz galdetu eta betirako lagun egin ginen. Hamahiru urte zitueneko kontuak berritu zizkigun, duela 69, tratura jaisten hasi zenean emakumeek buruan, sorkiaren gainean, edozer gauza nola garraiatzen zuten, otzara bezala pegarra, gerriaren hara-honako graziaren zipitzik ere galdu gabe, marinelen bat begira izanda ere... Sorkia, urteak neramatzan hitz horren peskizan.


Zurea bidali