Zertarako zure alaba-semeei mirari bat esplikatzen saiatu, baratze bat landatzen jar ditzakezu eta Robert Brault

Bizi-baratzea

Fruituak  >  Fruitu arbolak

Zauritu
2014-07-13  |  Jakoba Errekondo

Zuhaitzak, arbolak eta zuhaixkak muskildu, inausi eta lepatu egiten ditugu. Batzuetan muskil edo kimu ttikiak, eta besteetan adartxoak, adar politak, baita adar tzar asarreak ere. Berari kendu, eta bueltan zauria utziz.

Forma jakin bat emateko mozten ditugu landareak: itzala izateko, zazpi haizeak haizea hartzera bidaltzeko edo bestela eskuratu ezin duguna inguratzeko. Jirafa pareaz edo herensuge batez jabetu nahi duzu eta ezinean zabiltza? Bada, landarez egin. Laster ikusiko duzu bekaizkeria inguruan zabaltzen. Estetikak barrenak jan eta itotzen gaitu.

Beste inausketa batzuk fruitu gehiago eskuratzeko egiten dira. Sagastietan, adibidez, gero eta maizago ikusten dira udako inausketak. Negukoa, forma emateko utzi eta uda partean arbolaren hazkundea kontrolatzeko eta formari laguntzeko. Sagarrondoaren kemena apaldu eta fruitua ematera bideratzeko ilbeheran egin behar da inausketa hori –aurtengoan ekainaren 26tik uztailaren 10era eta uztailaren 24tik abuztuaren 6ra–. Aldiz, gaztea delako edo pattal dagoelako indartzea bada helburua, ilgoran egin behar da; aurtengoa, uztailaren 11tik 23ra.

Beste landare batzuei egurra emateko arrazoia xinpleagoa da: egurra kendu nahi diegu, su-egurretarako, egur-ikatzetarako, hesoletarako, hagetarako, barazki igokariak abarreztatzeko eta abar. Beste batzuei zura ere kentzen diegu habe, gapirio, soliba, bantzu, ohol, anda, tantai, mastelero, hegastegietarako teila –horiek ere izenen bat izango dute ba euskaraz...–, altzari, itsasontzi eta makina bat abarretarako.

Egur jendea erruz behar da baratzean. Ilarra arbatzeko, tomateei makilak jartzeko, lekentzat eta babarrunentzat pardak... Garai batean hurritzak, lizarrak, ezpelak, kanaberak, banbuak eta abarrek egiten zuten lana, aluminiozko erratz-kirtenek, eraikuntzarako burdinazko hagaxkek eta ferrailek, plastikozko sareek... Zerk ez du egiten egun!