Bizi-baratzea

Lorategia  >  Hesiak

Topiaria
2014-07-06  |  Jakoba Errekondo
Versailleseko lorategiak. (Arg.: Tkx-CC By SA).TKX-CC By SA

Tokiak sortzeko artea da topiaria. Tokia edo gunea adierazten duen topos/topia grekotik dator, “utopia”, “entropia” eta abar bezala. Landareak kimatuz itxura jakin batera eramaten dira. Landare bakar bat bezala baso oso bat izan daiteke. Paisajisten, arkitektoen, lorezainen eta edonoren imintzio edo artea da topiaria. Batzuek ikaragarrizko tokiak sortu nahi dituzte. Horren adibide ederra da Versailles sonatua, André le Nòtre (1613-1700) handiaren burutik sortua.

Egunero ikusten dugu topiariaren bat. Batez ere hesiak: haizea moteltzeko, itzala sortzeko, jabegoa nabarmentzeko edo zerbait begiei kentzeko. Landare ugarirekin egin ohi da topiaria: ezpela (Buxus sempervirens), arbustuak (Ligustrum sp.), japoniar basaerramua (Evonymus japonicus), tuiak (Thuja sp.), Leylandgo altzifre hibridoa (x Cupressocyparis leilandii), Arizonako nekosta (Cupressus arizonica), gorostia (Ilex aquifolium), pagoa (Fagus sylvatica), hagina (Taxus baccata)...

Azken hori, hagina, buelo handiko lanak egiteko erruz erabiltzen da. Asko dira, han eta hemen, haginez egindako maisulan ikusgarriak, baina Erresuma Batuan adinako aukerarik ez dago inon. Bat ekarriko dizut, bitxia. Ingalaterran bizi da, Gloucestershire eskualdeko Cotswold-eko Bathurst Estate-n, Apsleytarren etxean Allen Apsley du jabe eta zaindari. Ingalaterrako hagin hesi garaiena da. 40 oineko garaiera hartua du, hamabi metrotik gora. Zabalera ere ez du nolanahikoa: hamar metro. Eta 150 luze da. Urtero 6.000 eurotik gora behar du kimatze lanak ordaintzeko. Garai batean zurubi luzeekin egiten zuten muskiltze lan hori, eta gaur egun plataforma higikorrekin. Bi langileren bi egun behar dira muskiltzea burutzeko. André le Nòtre hil zen garaian aldatutakoa da.

Hagin hesia ez da, ordea, xahupena soilik. Eman ere, ematen du. Zenbat, ez dakigu, baina asko izango da, zalantzarik gabe. Hagina pozoitsua da, baina botikak egiteko gai bereziak ere baditu. Kimatutako adarrak txukun-txukun bildu eta horietatik sortzen da docetaxela egiteko osagaia. Botika horrekin moldatzen da birikako, bularreko eta obarioko minbizia tratatzeko kimioterapia.


Zurea bidali