Bizi-baratzea

Bestelakoak

Errexalen borroka
2014-06-15  |  Jakoba Errekondo
Makala, Populus nigra.László Szalai

Hitz egiten duten zuhaitzak. Bai, ba omen dira, bai. Hala diote Michael Pagek eta Robert Ingpenek, 1987an argitaratutako Encyclopedia of things that never were (Sekula izan gabeko gauzen entziklopedia) liburuan. Behatzeko, pentsatzeko eta gogoetarako denbora asko dute, eta zenbait zuhaitzek erantzun egiten omen diote maitatuaren leialtasunaz dituen zalantzak argitzeko galdezka hurbiltzen zaion maitaleari.

Lehenengo euskararako hiztegia omen dena egin zuen Nicolao Landuchio idazle italiarrak, 1562an. Bertan garaiko arabar dialektoko hitz bitxiak jaso zituen. Horietako bat da “errexala”. Errexalak “zuhaitza” esan nahi omen du. Ficua errexala (pikondoa, Ficus carica), sagarra errexala (sagarrondoa, Malus x domestica), castanea errexala (gaztainondoa, Castanea sativa) eta abar aipatzen ditu. Zurzuria edo eltzun zuria (Populus alba) eta makala edo eltzun beltza (Populus nigra) euskaraz “errexal çuria” eta “errexal valça” jasotzen ditu. Horiek izango ote ziren arabarrentzat zuhaitzen eredu edo nagusi? Bizkaitarrentzat zuhaitz guztiak izendatzeko hitza “haritza” izan zela dioten bezala.

Izan ere, zenbat hitz dugu zuhaitz esateko! Errexala, zuhaitza, arbola, zuhamua, zugatza, zuharz, zugamua, zuharrondoa, zuhagua, zumarra, zuhartxa, zuhain, zuhaintze, zuhantz, zurzai, zugetz, zukoitz, zuhamutze, zunaitz, zuraitz, zurtzai, zuhartz, zuhatz, zugar, zunar, zuharz, zuhartze, xuhatz, xuhartz, zuspil, zuhaixka, zagai, ezkur, eskur...

Zuhaitzaga, zuhaiztegi, zuhatzo, zuhatzu, zuhazti, zugarraga, zugarreta edo zuhaizti, zuhaitz multzo ederrak osatuko zituzten garai batean. Gero izenen borroka, gaurko “zuhaitz” eta “arbola” parera iristeko.

Afrikar esaera batek honela dio: basoan, zuhaitzen adarrak borrokan ari diren artean, sustraiak besarkatu egiten dira. Itxuraz, inoiz aurkitu izan da, moztutako zuhaitzen baten ipurdia, motzondoa edo epaitondoa, elikatzeko inolako hostajerik gabe, urtetan eta urtetan bizirik, aldameneko zuhaitzen elkartasunari esker. n