Baratzean, baratzezainak ereiten duena baino gehiago hazten da Esaera espainiarra

Bizi-baratzea

Lorategia  >  Loreak

Irekierak
2013-06-09  |  Jakoba Errekondo

Capsicum annuum, piperminak bezala tomateak, Solanum lycopersicum, bere bizitza motza fruituan burutzeko lehenik loreak eman behar. Mozkin igali horretara iristeko hostoaren premia du, eguzkitara zabaldu eta argiaren energiarekin beharrezkoa duen jaki mordoa sortu dezan. (Jarraitu aurretik, bide batez, honexek bereizten gaitu animaliak eta landareak: landareek lurretik eta airetik energia hartzen dute –argiaren bidez eraldatuz–, eta beren burua elikatzeko eta bizitzeko gai dira, animaliok, aldiz, biziko bagara, ia-ia jan behar dugunoro beste bizidun bat akabatu behar dugu).

Hostoari eta loreari helduta, zein da lehena, hostoa ala lorea? Landare bakoitzak bere jokaera du. Batzuek aurrena lorea erakusten dute, ikusgarri, udaberri gose diren erleen erakargarri. Beste batzuek lorea eta hostoa paretsu zabaltzen dituzte. Eta lehenik hostoz janzten denik ere bada. Azken horiek haizea behar izaten dute, jeneralean, polinizaziorako.

Horra Apirila, latinetiko aprilis, aperire, ireki aditzetik, zuhaitzak eta loreak irekitzen hasten diren sasoia, alegia. Baratzeak eta soroak antolatu behar dituztenentzat Jorraila da, euskarazko jorratu, lurra lantzetik, alegia. Opaila ere deitzen zaio, sasoi berrirako desirak eta eskaintzak bideratzeko azienda eta landare opak egiten omen zirelako. Abereila ere duen izena hortik ote?

Eta Maiatza? Emankortasunarekin lotzen den grekoen Maia jainkosaren izenetik datorrela diote. Ovidio poetak beste etimologia bat aitortzen dio: ekaina gazteen (iuniores) hilaren aurretik dagoen zaharren (maiores) hila dela dio. Non ote dira gure Loraila, Orrila eta Hostoila? Gu Maiazten; tokitan gaude! Loretzak, orrikundeak eta hostajeak sortu direneko hilabetea denean.

Aurtengo giro zakur honekin hosto-orri eta lore-begiak ireki ezinik, puntta berrien kimuak azaltzeko beldur, izututa igaro dute udaberri berriena. Eta beti berandu bada, aurten bai dela berandu. Sasoia atzeratua, geroratua, gibelatua, belutua eta piztea luzatua. Loretarako batik bat...

Eta sagastiei begira gure aitonak honela dio, urtero, “apirileko lorea urrea, maiatzekoa ezer baino hobea”.


Zurea bidali