Baratzezaintza terapia baino merkeagoa da, eta tomateak jasoko dituzu!

Bizi-baratzea

Etxe barrukoak  >  Barrukoak

Etxeko seƱorak
2013-02-24  |  Jakoba Errekondo

Aurkariak akabatuz edo uxatuz landareari laguntzen diogu, baina lan horretan bera ere ez da hankamotz. Pozoia, kiratsa... edozein estrategia on du bere burua babesteko. Sortzez bere ohiko ekosistema naturalean irauteko ditu jukutria horiek.

Landare asko ekarriz, eramanez, salduz, hibridatuz, txertatuz eta abarren abarrez ekosistema berri arrotzetan jarri dugu. Guk. Arrotzeneako etxeetara ekarri ditugu eta zentzu on guztiarekin, badaezpada, bere amarruzko pozoi eta antzekoak ez dituzte bidean galdu... Berezko etxe duten ekosisteman ezagutzen dituzte, guk ez bezala. Ez guk, ez geureek.

Kanpotik ekarritako landareak asmatutako babesak penatzen duenik bada geure ekosisteman. Gero eta ugariagoak diren maskotak, adibidez. Antzeko tratua ematen diegu landareei zein animaliei. Bere artekoa, ordea, nolakoa ote? Katua, txakurra, hudoa, muskerra, hamsterra, papagaia, untxia, dortoka, kameleoia edo dena delako adiskidea moldatzen al da etxeko landaretzarekin?

Labezomorroa baino itsusiagoa, muturra aita santuarenaren pareko zatarra duen katua badu ezagun batek. Geureak ez bezala, etxe barruan señora bat bailitzan ibiltzen da hura, aurrera eta atzera, pasieran. Eta, ez du bada koittaduak ez dakit non irakurri bere etxeko señorari kalte egin diezaiokeen landare baten berri... Eta etxean duela...

Eguberrietan txoro-txoro erabiltzen dugun pazko lorea edo poinsettia (Euphorbia pulcherrima) aitatu dit. Baietz, barrunbehetako mina eragin diezaiokeela. Eta nik, lasaitu beharrean itolarritu egin dut; bere etxekoandrea hil dezaketen landareen zerrenda azaltzeari ekin diot.

Ekialdeko zitoria edo azuzena (Lilium longiflorum) da bat. Bihotzari eragiten dioten glukosidoak ditu: hasieran gorakoa eta beherakoa ekarriko dizkio, ondoren gogogabetua eta lozorro batean bezala geratuko da, gero giltzurrunen porrota eta bihotzarena datoz.

Etxean dituen landareak ikustera joateko tratua egin dugu, hamaiketako baten truke. Landareak direnak direla, epaia aurreratu diot: bat bera ere ez kendu. Inor haizea hartzera bidaltzez gero, señora kalera!