Ilindi urte, gari urte

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Sotarruratu
:  Lurra goldatu aurretik triki-traka deituriko tresna batekin askatzen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Txirriak
2012-04-08  |  Jakoba Errekondo

Dantza-lagunak dira orbela eta haizea. Ekinozio sasoi hau da hostoa galtzen dutenen azken dantzak ikusteko aukera. Zimelduagatik zuhaitzetik erori gabe negu osoa iraun duten hosto martzeszenteak orain jausiko dira. Gurean pagoa, ametza, xarma eta erkametza dira joera hori nabarmenen erakusten dutenak.

Izerdi berriaren kemenak erantziko du hosto zimelezko berokia eta kimuz, lorez eta hosto gaztez jantziko. Oraingoxeko izerdialdian dagoenerako ikusi dugunagatik, aurten loraldi bikainak izango ditugulakoan nago. Mimosak (Acacia dealbata), sahatsak (Salix sp.), kameliak (Camellia sp.), magnoliak (Magnolia x soulangeana, Magnolia stellata...), irasagarrondo japoniarrak (Chaenomeles sp.), lertxunak (Populus tremula) eta abar sekulako indarrean loratu dira; eguraldia ere halakoa izan dute.

Zuhaitzak eta zuhaixkak bezala, belarrak eta landare ttikiak ere garatuko dira, garak eta loreak emango dituzte. Belar minak, Artemisia vulgaris, adibidez. Asiako ekialdeko landareen jakintza gureganatu zuen Kaempferrek bertako osasungintzan deigarri egin zitzaizkion bi teknikaren berri ere ekarri zuen: akupuntura eta moxibustioa.

Moxibustioa moxa, belar minaren sustrai ehoa, erretzea da. Zuzenean azalaren gainean, akupuntura orratzei itsatsia edo berarekin egindako txirri edo zigarro tankerakoak jarrita erretzea. Azaleko gune jakinak berotu egiten dira eta landarearen esentziak erantsi. Teknika oso landuak dituzte eta ikaragarrizko fedea diote oraindik ere.

Hemen ere oso hedatua da belar mina. Arioa, erle-belarra, artemisa min eta izen gehiago ere badu. Erabilbide ugari eman diogu: tabako gisa errea, hostoberri eta kimuak jaki eta ezker-aihenaren aurretik (Humulus lupulus) garagardoa mikazteko gai, sendabelar ezaguna... Emakumearen sendagai izan da, batik bat. Proventzan hala diote: “Emakumeak balu belar minaren indarraren berri, mantarrean eramango luke beti”.