Salbatore, baba lore

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Kereta
:  Adar, kanabera, makil, zarba edo egur arinez egindako atea,... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Lorategia  >  Zuhaitzak

Abadeen erromeria
2011-07-10  |  Jakoba Errekondo

Jean Pierre Armand David Halsouet (1826-1900) apaiz naturazale ezpeletarra zientzialari euskaldunen artean gorenetakoa izango dugu. Hil zen urte berean Manex Hiriart-Urrutik Eskualduna astekarian idatzi zuen “Eskual-herritik behinere jalgi diren jakintsun handienetarik bat” zela. Eta guk, berari buruz zipitzik ere jakin ez. Gure utzikeriaz baita ere, frantses zientzialari bezala ageri da ia beti.

Mukizapien zuhaitz dotoreak bere izena darama, Davidia involucrata. Ez da bakarra baina.

Azkenaldi honetan, landare inbaditzaileekin aztoramena zabaldu nahi den garaiotan, gure “gure” ekosistemetako landareen arerio izendatu denetako batek ere bera dakarkigu gogora: Buddleja davidii. Buddleja generoaren izena Essexgo Farmbridgeko Adam Buddle (1660-1715) apaiz botanikariaren ohorez jarritakoa da. Zer hitz egina eman du bai apaiz arteko landare honek ere.

Armand Davidek Txinan aurkitu zuen 1869an, baita haren deskribapena idatzi ere. Urte batzuk igaro ziren, ordea, landarea Europara ekarri arte. 1890ean aipatu zen lehenengoz gure kontinentean. Eta Jean André Soulié izeneko beste abade batek 1895ean Vilmorin muintegietako jabeari bidalitako hazi batzuetatik zabaltzen hasi zen. 1915etik aurrera barra-barra. Lehengo mende horren amaiera aldera “inbaditzaile” izendatzen den arte. AEB eta Europako toki askotan ezin ikusi dute eta bere aurkako gerra publikoa eta subentzionatua da. Geurean, adibidez. Landugabeko sail eta lugorrietan erraz asentatzen da, eta agudo zabaldu. Ez da harritzekoa, landare bakoitzak, batez beste, hiru milioi hazi ematen ditu urtero.

Txinerazko bere izenak “arrainak mozkortzen dituen landarea” esan nahi du. Bere usainak inguru samarrean harrapatzen duen edozein horditzeko duen kemena adierazten du. Batzuek, baina, gustura galtzen dute burua usain gozoegi horretan: tximeletek. Tximeleten zuhaitza deitzen zaio. Loretan dagoenean inguruan izaten duen tximeleta eta intsektu dantza ikusteko modukoa da. Udako solstizioko erromeria polita.