Ilargi koroatua, laster euri

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Mausarra
:  Urak ekarrita, ibaiaren edo errioaren bazterrean pilatzen den lur... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Independentziaren lehen urratsa: etxeko artoa ereitea
2008-05-25  |  Urko Apaolaza Avila
Jon Harluxet eta Xano Sallaberryk bezala, gero eta gehiago dira arto bihia selekzionatuz norbere etxaldeko hazia ereiten duten laborariak, hazi-etxeei erosi gabe. Programa esperimental batean ari dira, Frantzian debekatua baitago halakorik egitea.
Buzunaritzeko belardiek berdeago dirudite zaparradaren ostean. Xano Sallaberry dugu gidari, laborari baxenafartarra, Ainhizekoa. Artasoroak biluzik daude, udaren zain, eta Jaitia etxaldeko behiak patxadaz doaz bazka bila. Etxeko nagusiak egin digu ongi etorria: “Eztabaida ikusten ari nintzen” dio Jon Harluxetek, ordenagailu portatila mahaiko paperen artean lurperatuz. Pariseko Asanblea Nazionalean transgenikoen lege proposamena eztabaidatu eta onartu dute berriki; zinez, gainerako laboreak transgenikoen ondoan bizi litezkeen ala ez dago zalantzan.

Harluxet Biharko Lurraren Elkarteko (BLE) partaide da eta Bio D’Aquitaine federazioko lehendakaria. Gertutik jarraitu du transgenikoen inguruan sortutako eztabaida. Izan ere, laborariek autonomia eta burujabetza handiagoa izan dezaten egiten dute lan.

Etxeko artoa: “Maite nuen ideia”

Biharko Lurraren Elkartea 93an sortu zuten eta emeki-emeki sendotu egin da; egun 200 laborariri eskaintzen dio laguntza. Ekosistema bakoitzari agrosistema bat zor zaiola diote. Badira sei-zazpi urte Jaitiako nagusia etxeko artoa ereiten hasi zela etxaldean: “Norbere haziaren jabe izatea maite nuen, laborantzan hori atzematen ez badugu galdu dugu ofizioa”. Amikuzeko baserritar batek Seguratik (Gipuzkoa) artoa eraman zuen bere soroko eritasunari aurre egiteko: “Ekarri zuen dozena bat buru, batetik bestera biderkatu eta ez zen problemarik izan mamutxa horrekin” azaldu digu laborariak.

Hegoaldeko arto hori ontsa zen, baina ez emankorra, eta Harluxetek etxalde ttipia izanik arto ugari emango zion soroa behar zuen behiak bazkatzeko. Dordoinako (Akitania) Hazien Etxean jatorrizko arto haziak –hibridatu gabeak, jakina– biltzen hasi ziren eta laborarien arteko ahoz ahoko zabalkundeari esker 150 lekutako haziak dituzte egun. Hazien Etxean lurralde bakoitzeko karakterizazioaren arabera trukatzen dituzte haziak, bioaniztasunaren onerako. 2005eko idorte handian, esaterako, artasoro batzuk arras kiskalirik geratu ziren, aldiz, beste soroen berdetasunak zirrara sortzen zuen.

Jon Harluxetek munduko hamabi lekutako haziak erabiltzen ditu bere etxalderako. Sallaberryk emaitzak ikusi zituenean ez zuen sinisten: “Pentsatzen nuen lehengo artoa ttipia zela, baina Jonen etxean buru eder horiek ikusi nituelarik harritu nintzen”. Jatorrizko artoarekin kontsanginitate arazoak zeuden eta horregatik izaten ziren txikiagoak, baina odol berritzeari esker ikusi da ez dela zertan horrela izan beharrik. Hala ere, hazi trukaketa programa esperimental bati esker egiten ari dira, administrazioarekin hitzarturik, zeren eta gaur egun, izugarria dirudien arren, haziak trukatzea ez da legala.

Laborantza “kanpoko errezetak” erabilita egin nahi izan da. Errezeta horiek dira arto hibridoak, duela 60 urte AEBetatik mundu osora hedatu zen espezieen gurutzaketa –heterosia, argot zientifikoan–. Gaur egun Ipar Euskal Herriko laborarien %99ak multinazionalei erosten die hazia, laborategian sortutako arto “klonak” hazten dituzte soroetan, era mekanizatuan uzta oparoa segurtatzeko. Baina hona desabantaila: ondoko generazioak ez dituela aurrekoaren ezaugarri joriak mantentzen. “Horregatik ezin duzu zure artoa erein eta urte guzian erosi behar” dio Ainhizekoak.

Iraultza berdearen beste ondorioak

Xano Sallaberryk aurreko egoera du gogoan eta arrunt garbi hitz egin du sutondoan eserita: “Laborantzaren egoera txarra zen biziki hona arte, jendea tristeki bizi zen, ateratzeko manera behar zen. Arto amerikanoarekin behi gehiago hazten zen, sos gehiago...”. Iraultza berdeak onura ugari ekarriko zituela sinestarazi zieten laborariei. Baina produktibitatearena ez omen da guztiz egia. Adibidez, ogia (garia Hegoaldean) oraingoz ezin izan da hibridatu eta selekzio naturala eginez errendimendu handiagoa izan du artoak baino.

Perkaiztegi hernaniarrak ekarri omen zuen Ameriketatik artoa lehen aldiz. Laster zabaldu zen Europa osoan eta industri iraultzan ezinbestekoa izan zen langileak elikatzeko. XXI. mendean mundu osoan milioika lagun arto uztaren zain dira bizirauteko. AEBetan produzitzen da artoaren %45a; Frantzia bosgarren esportatzaile handiena da. Herrialde horretan, lur azaleraren hiru milioi hektarea baino gehiago artorako erabiltzen dira eta Iparraldean landutako lurren ia erdia okupatzen dute artasoroek.

Kontua da munduan bospasei enpresa handi daudela hazien salmenta monopolizatzen dutenak eta ez merke saldu gainera. Gaur da eguna baserritarrek artoa nahi badute hazia erosi behar dutena, menpekotasun osoa dute hazi egileenganako, eta Harluxeten mintzaira erabiliz eurak “ttantto” bat besterik ez dira sistema zabal batean. Horrela, konfiantza eta gaitasuna galtzen da, lurrarekin lotura oro. Behin, laborari baten semeak galdetu zion artoaren hazia zein ote zen: “Zuk galdetzea normala da, kazetaria zara, baina laborari semeak?”.

Transgenikoak, bigarren pausoa

Hibridazioaren eta transgeniaren logika berdina da. Harluxetek ironiaz definitzen du egoera: “Hazi saltzaileendako naturak badu injustizia handi bat, hazia urte batetik bestera berriz ereiten ahal dela”. Eta ustezko pirateo hori ezeztatzea izan da, baxenabartarraren esanetan, enpresa horien helburua. Jadanik hasiak dira terminator teknologia zabaltzeko asmoekin –labore antzuak sortzeko asmakizuna–, oraindik debekaturik dagoen arren. GAOek (Genetikoki Aldaturiko Organismoek, hots, transgenikoek) pozoia daramate bere baitan, baina aldi berean pozoi horri aurre egiteko gai da landarea. Aldiz, ondoko soroak akaba ditzake. Gainera, haziak patentea du. AEBetan adibidez, soro batean patentaturiko genea aurkitzen bada laboraria gaztigatua izan daiteke. Baina nola esan erleari landarerik ez ukitzeko?

Bioteknologoek transgenikoetan dute itxaropena munduko bihiaren krisiari aurre egiteko: bigarren iraultza berdea pronostikatu dute. Bitartean, ekologisten protestak eta herritarren errezeloa handitzen ari dira. Marie-Monique kazetariaren Le monde selon Monsanto (Mundua Monsantoren arabera) pelikulak –izen bereko liburuan oinarritua– iritzi publikoa astindu du; dokumentalak Monsanto hazi-etxe estatubatuarrak patenteen atzean ezkutatzen dituen interesak bistaratzen ditu eta enpresa horiek munduko hazien jabe egiten ari direla nabarmen ageri da filman. Biomorrontzaren arora hurbiltzen ari ote garen, hori da askok bere buruari egiten dioten galdera.