Astelehen honetan egin duten batzarrean Arbonako Berrueta etxaldea okupatzen duten eta okupazioa babesten duten talde eta militanteek erabaki dute ekintza bere 124. eguna arte luzatu eta azken egunean bertan ospatzea aurtengo Lurrama.
Euskal Irratiei emandako elkarrizketan, Lurzaindia erakundeko lehendakari Maryse Cachenautek oroitarazi du orain arte lortutakoa garaipen handia izan dela, hasieran esperantza gutxi zela Arbonako Berrueta etxealdearen salmenta espekulatiboa gelditzeko, baina lortu dela, hautetsien sostenguaz gain ELBk eta Lurzaindiak abiatutako ekintzari herritar asko atxiki zaizkiolako.
“Garaipena ospatzeko, “Lurrama” Arbonan antolatuko dugu aurten” Maryse Cachenaut ELB sindikatuko kidea https://t.co/1r6GsouB4N pic.twitter.com/6wwLQzUxpV
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) September 14, 2021
Lurrama Arbonara eramanez, okupazioaren antolatzaileek modu berezian eskertuko diete herritarrei eskainitako laguntza. Bestalde, esan du Cachenautek, Lurrama sortu zen laborariak eta kontsumitzaileek elkar aurkitzeko, Iparraldeko barnekaldea eta kostaldea elkarrenganatzeko, eta kostaldean den Arbonako etxaldearen okupazioak erakutsi du ez dela itsas bazterreko lurra abandonatu nahi eraikuntzaren eskuetan.
Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren erakuslehio izan nahi duen Lurrama azken urteotan Miarritzen egin izan den arren, 2020ko edizioa bertan behera geratu zen Covid-19agatik eta aurten egiteko baimenik ere ez zeukan. Arbonako Berrueta etxaldearen eremuan egingo denak esanahi oso berezia izango du, beraz.
Arbonako okupazioari buruz gehiago jakiteko, irakurri ARGIAko azala eraman duen Jenofa Berhokoirigoinen erreportajea: Lurrak laborarientzat izaten segi dezan.