Astelehenero 8:00etan zure epostan
06:36
21:47
01:24
15:23
Ilgora Eka. 28 Uzt. 12
Ilzahar Eka. 30 Uzt. 14
0:00 - 23:00 Hostoa
23:00 - 24:00 Fruitua
Sendagai, usaineko edo sukalderako belarrak biltzea
Uztailaren 12 17:10 arte ILGORA, ondoren ILBEHERA
Uztailaren 14, 11:43ean ILARGI BERRIA, bitartean ILZAHAR, ondoren ILBERRI
Sendagai, usaineko edo sukalderako belarrak biltzea. Ilgora hau aproposa da belar horiek biltzen hasteko: berbena, pasmo-belarra, larranbiloa, santio-belarra eta abar.
Baratzerako ereintza: Daikon arbi zuria, errukula, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, erremolatxa, borraja, azenarioa, mihilua, apioa, arbi-apioa, babarrun motza, leka motza, leka luzea, txitxirioa, patata, tomatea, alberjinia eta piperra. Berotegirako ereintza: tipula gorria, kukulua, borraja, apioa, zerba, ziazerba, erremolatxa, borraja, azenarioa, mihilua, apioa, arbi-apioa, leka luzea eta leka motza..
Baratzean landatzea: porrua, aza, aza gorria, Brusela aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, zainzuria, uraza, eskarola, orburua, kardua, zerba, erremolatxa, mihilua, borraja, apioa, arbi-apioa, kuiatxoa eta marrubia. Berotegian landatzea: azalorea, brokolia, uraza, zerba, erremolatxa, ziazerba, borraja, apioa, luzokerra, piperra eta tomatea.
Aste honetan egiteko lan aproposak: Fruta arbolen udako berdetako inausketa egin. Belarrak ontzeko garai ona. Arta-babarrunak ereiteko azken aukera. Udako begiko txertoarekin hasi daiteke. Kuiatxoen bigarren ereinaldia.
Udazken negurako barazkiak (azak, porruak eta abar) landatzeko sailak ongarritu.
Tomatea, luzokerra, kuia eta abar inausi.
Landare usaindunak erein, banatu eta landatu: menda, ezkaia, izpilikua
Txertatutako landareetan txertoaren azpitik hazitako altsumak kendu.
Fruitu arbolen berdetako inausketari ekin.
Fruitu arbolen udako ongarriketarako garaia da. Uztaila da ongarritzeko azken hilabetea.
Udako begiko txertaketartekin hasi daiteke. Sasoia lehorra badoa, txertoa egin aurretik sakon ureztatu mentu oina.
Soropila areatzeko garaia da. Hondarra ere eman daiteke, baita ongarria ere lehen eman gabe badago.
Soropil berriak sortu edo lehengoak osatzeko belar hazia erein.
Udan loratzeko erreboilak landatzeko azken aukera: dalia, gladioloa, kana, begonia eta abar
Sustrai lodiak eta errizomak dituzten kala eta tankerakoak orain atera lurretik eta ugaltzeko banatu eta birlandatu.
Hortentsia, arrosa eta tankerakoan aldaxkak egin ugaltzeko. Udaberriaren hasieran loratu diren zuhaixkak loraldiaren ondoren inausi.
Aldaxkak erabiliz landare batetik berriak sor ditzakegu.
Uda hasieran urtebeteko adar indartsu bat moztu.
Bina begiko atalak egin, ebakia begi gainean eginez.
Aldaxkaren azpiko ebakia hormona hautsetan busti eta landatu lur harroan, goiko begia arte.
Loreak irekitzeko, landareak energia mordo bat bideratu behar du. Lorea zimeldu eta fruitu koxkorra ekarri behar badu, beste hainbeste.
Batzuetan ez dugu fruiturik nahi, adibidez, arrosondoan. Lore gehiago izateko, lehengoak zimeldu ahala kendu.
Aloe berari betikotasunaren landarea ere esaten zaio. Azaleko arazoak sendatzeko erabili izan da eta gero eta gehiago ikusten da kosmetikoetan, baina baita jaki eta abarretan ere. Lorezain kaskarrenaren utzikeria era erraz eta itxurosoan pairatzen duen landareetako bat da hau.
Kanpoan biziko da ondoen. Hotzak hasterako barrura sartu nahi baduzu, baina toki beroegiak ez ditu atsegin. Loretan dagoenean 12 °C-tik behera ez dadila jaitsi. Loralditik kanpo tenperatura freskoagotan ere ondo biziko da.
Toki argitsuenean jarri. Eguzkizalea da. Sasoi aktiboan, loraldia barne, argi asko behar du. Atsedenaldian erdi itzalean eduki daiteke.
Ez lainoztatu. Lurra ondo busti. Zertxobait lehortu arte ez berriro ureztatu. Hostoen muturrak zimeltzen hasten badira ura behar du.
Loreontziak drenatze ona izatea ezinbestekoa da.
Urtero edo gehienez biz behin lurra berritu, loraldiaren amaieran; udaberrian noiznahi.
Ugaltzeko errazena, luberritzen dugunean azpiko aldetik eman dituen landaretxo berriak askatu eta landatzea da. Hostotik ere ugaldu daiteke: azpiko aldetik hostoa moztu eta aldaxka bezala landatuta. Edozein eratara, lurrera sartu aurretik ebaki dugun tokiko zauritik darion gelatina lehortzen utzi.
Argazkia: Dani Blanco.
Zure inguruan euliak eta eltxoak nahi ez badituzu, aurrea hartu eta landare hauek landatu, leihoko edo balkoiko loreontzian edo lorategian, baratze bazterrean eta abar:
Izpiliku fina, geranio limoiusainak, erromeroa, ilena, Ageratum, mendak eta batana, albaka, ezkai limoiusaina, garraiska, zitronela edo Cymbopogon.
Haizeak jotzen duen aldetik jartzea komeni da, izan ere, usainarekin lan egiten dute.
Mimosa mokofina da eta ez zaio toki batetik bestera mugitzea gustatzen.
Hazitik edo aldaxkatik sortutako mimosa landaretxoak behin bizitokia izango denean edo beste ontzi batean birlandatzea ez da noiznahi egiteko lana. Sasoi onena uda hasiera da.
Ontzian edo zuloan lur arina jarri, dagoen tokitik sustraiak oso osorik dituela atera, toki berrian kokatu eta lurrez bete, ez zanpatu lurra eta ureztatu (lehen urtean maiz).
Izpilikua jende askoren gustuko lorea da. Landare dotorea izateaz gain, usain ederra du eta lorealdia bikaina, ikusteko modukoa. Baratze bazterrean ere lan ona egiten du polinizatzaileak erakarriz eta izurriteak uxatuz.
Landareari trinko eta indarrean eusteko inausi egin behar da. Loratu arte ez da inausi behar, loratzen den urtetik atzera urtero. Loraldia zimeltzen hasten denean inausten da, beti urte horretan luzatu den adarrean moztu behar da. Adar zaharra moztuz gero, ez da berritzen.
Erlazionatutako landarea: Izpilikua
Alberjiniari tamaina hartu behar zaio eta lana ere tamainan eman. Kimaketa lanak lagungarri izango dira.
Landatu ahala azpiko aldeko altsumak kendu, zurtoin nagusia soilik utzi. Lehen lorea ematen duenean haren gainean zurtoina moztu. Horrek adar berriak sortzea ekarriko du. 3-4 adar utzi. Horietako bakoitzean lore pare bat ernaltzen direnean, horien muturra ere kimatu.
Landarearentzako nahikoa lan izango da 6 ale ekartzea. Zenbat eta hegoalderago eta fruitu gehiago emateko gai izango da.
Loreak ireki orduko, ur epelez ihinztatu, polinizazioari laguntzen dio. Ez ahaztu, loratzen denean landare artean ongarri heldua banatu.
Erlazionatutako landarea: Alberjinia
Ohiturarik ez badugu ere ilarra erein; orain egindako ilarra udazkenean jango dugu. Baita aza, azalorea, romaneskua, brokolia, Daikon arbi zuria, errukula, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, erremolatxa gorria, borraja, azenarioa, mihilua, apioa, arbi-apioa, babarrun motza, leka motza eta luzea, getozka eta ardi-mihia.
Berotegirako: zerba, erremolatxa gorria, borraja, azenarioa, mihilua, apioa, arbi-apioa eta leka luzea.
Porrua, aza, lonbarda, bruselaza, azalorea, romaneskua, brokolia, uraza, eskarola, kardua, kukulua, zerba, erremolatxa gorria, borraja, mihilua, apioa, arbi-apioa, kuiatxoa, luzokerra eta kuia.
Berotegian: zerba, erremolatxa, apioa, luzokerra, tomatea eta piper berdeak.
Sasi edo igokari gisa hazten diren barazkiak kimatu egin behar dira, baldin eta loraldi indartsua eta tamaina koskorreko fruituak bildu nahi baditugu. Tomatea, alberjinia, luzokerra, angurria eta meloia kimatu egin behar dira. Tomateari hostoen galtzarbeetan sortzen zaizkion kimuak ikusi ahala kendu, hazten ez utzi. Alberjiniaren adarrak fruitu pare bat hartzen badu, baita ere puntta kimatu.
Neguko lanen emaitzak bildu eta urte guztirako jaso behar dira orain: baratxuria, tipula, patata... Giro bero eta lehorrak direnean lurretik atera eta bertan gainean utzi, ondo lehortu eta azala zailtzen. Orduan jaso.
Jasotzeko landareak (usainekoak, sukalderakoak, sendabelarrak...) bildu. Loratu aurretik bildu berezkoak dituzten ezaugarri guztiak izan ditzaten; lorea behar badugu alderantziz, erabat loratzen utzi beharko da.
Beharrezkoa bada, tratamenduak egin: mahatsondoaren gorrina, sagarrondoaren harjoa...
Udako berdetako inausketa: sagarrondoa, mahatsondoa...
Udako edo begiko lehen txertoak egin.
Enborrean agertzen diren altsumak kendu, batez ere txertoaren azpiko aldekoak. Baita sustraietatik sortutako aldakaitzak ere.
Ongarriketa behar duenik bada, orain egin, azken aukera da.
Egitura bati helduta hazten diren fruitu arboletan adarrak lotu (sagarrondoa, kiwia, udareondoa, mahatsondoa...).
Belardia eta soropila moztu eta ongarritu.
Sustraiak lodiak edo errizomak dituzten landareak (kala, iris, nartziso, aster, doronicum, zitori arrunta...) atera, banatu eta landatu.
Urteko azken ongarriketa egiteko sasoia.
Udaberrian loratu ziren erraboilak (lilipa edo nartzisoa, hiazintoa, idi-bihotza, azpelarra...) lurretik atera, erraboilatxo berriak sortu badira banatu eta lehortuta jaso edo zuzenean landatu.
Aldaxkak egin: hortentsia, arrosa...
Hesiak kimatu, udaberri honetan hazi diren kimuak behar den neurrira ebaki.
Loraldi iraunkorra duten arrosaondoetan, petaloak galdu orduko loreak kendu. Bestela fruitu pinportak hazten hasiko dira eta lore gutxiago emango dute.
Luar pila jiratu. Toki bero eta lehorrean badago, tarteka busti on bat eman.
Txartzat ditugun landareei aurre egiteko sasoia. Ilgoran moztu sasi, lahar, garo, menda, asun, mingarratz edo lapaitz... Urtetik urtera ederki ahulduko da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545