Astelehenero 8:00etan zure epostan
Erretrapua egiteko intsusaren bigarren azala noiz bildu behar da?
Garbiñe Larreak bere “SENDABELARREK DAKITENA” ederrean honela dio: “Udaberrian hostoa atera baino lehen moztea da onena, bestela udazkenean hostoa joandakoan”
Gaur arte erantzundakoak (1208 galdera-erantzun)
Egun on. Urtero negua bukatzean pikondoak kimatzen ditut azken urteko adarrak. Aurten puntetan erne muinak bota dituzte, konturatu orduko. Ahal ditut kimatu hala ere, ala hurren urte arte itxaron.
Kimatu lasai. Hobe da izerdia mugituta dagoenean kimatzea, izerdi horrek zauriak azkarrago itxiko ditu. Inausketa udazkenean edo neguan egiten denean sortzen da arazoa, zauria udaberrira arte irekita egongo da, eta batez ere pikondoa bezalakoetan, adarra barrutik hutsa dutenetan. Nahi baduzu adarrak ugaltzeko erabili, lurrean zulo luze bat egin aitzurrarekin eta muturra bistan utziz adarra bere luzera osoan sartu. Zanpatu eta lehen udan ureztatu. Oso erraz itsasten da.
Kaixo atsaldeon!!! Mugurdi saila kimatzeko garaiz al nailek??? Ta ze komeni dek, azpi azpitik ebaitzea eo erdiparetio??? Adar luze eta arku estilokoak dituzte fruta eman zuteneko pisuak eragindakoak. Aio ta aldez aurretik eskerrikasko!!!
Ez habil ez berandu. Hurrengo ilbehera aprobetxatu eta sustrai egunak badituk hobe. Martxoaren 4, 5, 6 eta 7 alegia. Mugurdi ezagunen eta hedatuenen inausketa sinple samarra dek: iaz fruitua eman ziteken adar luzeak okertuta egongo dituk. Horiek behe-behetik moztu eta adar berri gazteak osorik utzi. Behetik moztutakoek adar indartsuak emango dizkitek, muturrean loratu eta fruituekin jantziko ditukenak.
Kaixo, hirian kokatuta dagoen baratzeko bankaletan (baxuak dira, enborrez inguratuta) urazak jartzen ditudan aldiro norbaitek jan egiten ditu: arratoiak? untxiak? Zer egin hauek uxatzeko edota laboreak babesteko? Bestalde, beste bankal batzuetan landareen sustraiak jaten dituzte ere, sagarrondo gazte batzuena eta beste. Lurrean tunel gisakoak ikusten dira bankal hauetan. Zer izan daiteke, satitsua agian? Eta zer egin hauek uxatzeko? Mila esker!
Uraza oso jaki preziatua da. Edozein animaliak jaten dituzte. Nire iritziz, hala ere, gauez egin ezazu buelta bat argitxo batekin eta hor topatuko dituzu jale gose horiek: bareak eta barraskiloak. Horrelako baratzeetan ugari biltzen dira. Inguruko egur edo enborretan ezkutatzen dira eta gauez atera. Sustraiak moztu eta ihartzen badira, lur azalean bizi den har grisa da. Ihartzean inguruko lurra pixka bat mugitu eta laster ikusiko duzu.
Sustraiak jaten dituen hori sataina izango da, lur azalean galeriak egiten dituzte eta sustrai, erraboila, hazi, tuberkulu eta abar jaten dute, sarraski handiak eraginez. Fruitu arbolak ere eraitsi ditzakete sustraiak janez… . Ez da erraza uxatzea. Zenbaitek zuloetan gasoilez bustitako papera edo traputxoak jartzen dituzte. Garrantzitsuena inguruko belarrari motz-motz eustea da, gaueko harrapariek mugitzen ari den lur hori ondo ikusi dezaten. Harrapari horiek erakartzeko geldi lekuak, hesola altuak adibidez, jartzea komeni da.
Egun on, Jakoba: Artea zein garaitan landatzea komeni da? Garaiaz gain zerbait gehiago izan beharko genuke kontuan? Eskerrik asko!
Arteak neguan ez du hostoa galtzen, beraz neguaren gogorrena igaro ondoren landatzea komeni da. Martxoko edo apirileko ilbeheran. Artea ondo bizi eta hobeto hazteko, beste zuhaitzekiko tarte handia behar du. Eta, batez ere eguzki-begia edo eguzkiak ondo jotzen duen tokia maite du, hegoaldera begira.
Egun on Jakoba,
Nere izena Lola da ta Artesana naiz, arto ostoakin eta arta aleakin lana egiten det.
Urbiltze naiz galdetzeko ia arta aleari bere bitxoa o tximeletatxoa ez ateratzeko zer egin o ze komeni izetean...
Milesker
Onena izozkailutik pasatzea da. Etxera ekartzean, ahalik eta azkarren, ontzi edo poltsa hermetikoetan sartu eta izozkailuan sartu 2-3 egunez; horrela arte aleen artean dauden sitsak, harrak eta arrautzak hil egingo dira. Gero atera baina erabili behar dugun arte ez ireki aleak dauden ontzi edo poltsa horiek, bestela berriro sitsa etorri daiteke.
Kaixo! Jakin nahi genuke mimosa noiz landatu. Pentsatu dugu ugaltzen ez den mimosa erostea gerora zabaldu ez dadin. Bestetik, durangoko azokan buletina jasotzeko emailak eman genizkizun, baina ez dugu oraingoz ezer jaso. Eskertuko genuke zerrendan sartzea. Eskerrik asko!!!
Mimosak ez du neguan hostorik galtzen, eta neguan bertan loratzen da. Ondoren landatu behar da. Kimuak loraldiaren ondoren haziko dira eta orduan landatu. Martxoko ilbehera izango litzateke onena.
"Sagar loreak heldu dio" esapidea zuzena da loretik fruiturako urratsa eman duela esateko? (Oiartzunen erabiltzen dugu baina...Kazkabar erasoarekin lorea ez dela galdu adierazteko, adibidez)
Bai, bai. Nire iritziz ondo esana dago. Eta ederki adierazten du gertatzen dena.
Ieup!
Zezeilen piperrak eta tomateak erein gure dotez eta jakin gure dot ze egunek direzela hobienak, ilargi kontuek.
Mila esker eta pozik bizi!!
Tomatea eta piperra ereiteko ilgorako fruitu egunak dira egokienak. Zezeila edo otsailean hauek izango dira: 13 (21:00 arte), 22 (15:00 arte) eta 23 (18:00 arte).
Arratsalde on! Kuiatxoaren haziak ditut gordeta aurten ereintzeko asmoz. Noiz izango litzake datarik egokiena?
Kuiatxoa apirilean eta maiatzean ereiten da. Komeni da ilgoran eta fruitu egunean ereitea. Aurten apilirean ilgora 8tik 21 eguerdira izango da, eta fruitu egunak 8 arratsaldea, 9, 17 18:00etatik atzera eta 18 izango dira. Maiatzean ilgora 5 eguerditik 18ra izango da eta fruitu egunak 6, 7, 15 eta 16.
Egunon,ihartuko oteda itxura hartzen zoat arteari.Zer egin zezakeat arte hau indartzeko.Kalean ,baño,leku eguteran zeok.
Ihartuta ez ziok, baina ia-ia. Zerbait gogorra gertatu dek hor. Ur falta izan zitekek. Bestea inguruko belarra desbrozadorarekin mozterakoan behe-beheko azala harrotu eta zauriak egitea. Garai desegokian landatzea… Horiek etortzen zaizkidak. Zer egin? Urarena edo desbrozadorarena bada zuzendu… eta lagundu ongarri organikoarekin.
Aupa egunon Jakoba!! Zikatrizatzeko pasta erosita naukan datorren hillean mahatsak eta mizpirak kimatu ondoren emateko. Zuk etzenieke pastaik emango?? Eta zertarako da egokia pasta hori? Eskerrikasko
Inausketan eragindako zauriak orbainarazteko pasta ez erabiltzea da onena. Pasta horrek, itxuraz, zauria babestu egingo du, baina benetan gertatzen dena hauxe da: pasta horrek ez dio landareari bere kabuz, bere izerdiarekin orbaina egin eta zauria ixten. Era berean, irekita jarraitzen duen zauriaren gainean pasta gogortu eta zakartu egingo da, eta pasta eta zauriaren artean hezetasuna sartu eta berarekin gaitzak sartzea ahalbideratu eta sustatuko du. Pasta orbaintzailea ez genuke inoiz erabili behar. Gakoa ebakia noiz eta nola egin da. Noiz egin: beti landarea izerdia mugitzen ari denean, sekula ez udazkenean edo neguaren hasieran, izerdirik gabe zauria irekita eta bistan. Ebakiaren formaren arabera zauria laster batean itxiko da edo sekula ez eta egurrean barrena luzatuko den zuloa bihurtuko da, gaitzak eta izurriteak sustraietaraino sartzeko atea irekiaz eta erraztasun guztiak antolatuaz.
Egun on Jakoba! Etxebarri BHI eskolan fruta arbolak jarri ditugu eta izenak jarri nahi dizkiegu euskeraz, gazteleraz eta latinez. Kontua da, euskeratzerakoan, zalantzak ditugula. Laguntzerik bai? Batez ere fruta bakoitzaren mota edo klase desberdinak espezifikatzerakoan ditugu arazoak (adib: cereza pikota=Gereziondo...). Hona hemen fruta arbolen zerrenda bat pdf-an. Milesker zure eskuzabaltasunarengatik!
Erabaki batzuk hartu behar dituzue:
1.- Izenak artikuluarekin edo gabe, baina denak berdin: intxaurrondo edo intxaurrondoa.
2.- Aldaerak edo barietateak beti kakotxa artean jarriko nituzke Gereziondoa “Burlat”
3.- Ordena erabaki “Konferentzia” madaria edo Madaria “Konferentzia.
Bestetik:
4.- Aldaera denei jarri, albertxikondoak ez du, Albertxikokondoa “Canina”, edo abrikotondoa. Biak ondo.
5.- Mandarinondo clementina ez, Klementinondoa, Clementina, Citrus x clementina.
6.- Irasagarrondoa “Portugalgo erraldoia”
7.- Sagarrondoa “Errege sagarren erregina”, Manzano “Reina de reinetas”
8.- Sagarrondoa “Errege sagar grisa”
9.- Pikondoa “Uztapikoa”
10.- Almendrondoa edop arbendolondoa bitan ageri da, barietate bera.
11.- Nogal común ez, nogal.
12.- Hirugarren zutabean latinez jartzen dezute, ez da latinez, “izen zientifikoa” baizik.
13.- Izen zientifikoak idazteko arauak oso zorrotzak dira:
* Lehen izena generoa da eta beti letra larriz hasten da.
* Bigarren izena espeziea da eta letra arruntaz hasten da, ez larriz.
* Beti letra etzanez idazten dira Prunus avium, adibidez.
Mahatsa daukat terrazan, itzala egitea da helburua. Noiz podatu beharra daukat?
Mahatsondoa martxoan inausten da. Onena ilbeheran eta sustrai egunean. Aurten martxoaren 4, 5 goiza, 6 eta 7.
Kaixo, Zer moduz? Karea botata eta plastikoarekin tapatuta daukat patata erein nahi dudan lur zatia. Ongarritzeko ximaurra botako diot edo beste zerbait ere bai? Eta noiz dira goizeko patata ereiteko egunik onenak? Bestalde, inbernadero barruko lurra lehor xamarra daukat. Espinakak jarri ditut eta ez zaizkit hazi. Lurrak zer beharko duela uste dezu? Nola ongarrituko det? Eskerrik asko!
Patata ereiteko edo landatzeko ongarriz ondo hornituta egon behar du lurrak. Karea emana badu lehen, ahalik eta azkarren zabaldu ongarria: simaurra, luarra… 3-4 kilo/m2. Patata ilbeheran eta sustrai egunetan egiten da. Goizekoa egiteko dagoenerako garaiak etorriak dira. Otsailean 5, 6, 7 et 8 izango dira. Martxoan 4, 5 goiza, 6 eta 7.
Ziazerbak ongarri asko behar du, patatak adina, baina alde nabarmen bat badu: beti ongarri ondo egina edo heldua behar du. Orain bere inguruan zabaldu eta lur azala piska bat mugitu eta hasieran pixka bat ureztatu ongarria sustraietara iristeko.
Aupa egunon Jakoba!! Mizpira bat daukat, aspaldi kasoik in gabe eta itsusi samarra, arbola fuertea dago eta aurten kimaketa on bat egin nahi nioke txukuntze aldea. Noiz izango litzateke egun aproposena? Eta adar haundi xamarrak moztu behar dizkiot eta heridan pastan bat edo ematea komeni da?? Mizpira hau Adunan dago hegomendebalderantz orientatuta. Esangoiazu. Ondoizan eta eskerrikasko.
Inausketa egiteko sasoi onena izerdi berriaren mugimendua da, martxoa. Ilbehera eta sustrai egunak egokienak. Aurten martxoko ilbeherak 1etik 11ra eta 25etik atzera izango dira. Sustrai egunak 4, 5 goiza, 6 eta 7 izango dira. Zauriak ondo egigtea da gakoa, eta sekula ez eman pasta orbaintzailerik, kalte besterik ez dute egiten: orbaina ondo egitea galarazi eta gaitzak zauritik sartzeko aukerak handitu.
Lurra udaberrirako prestatzeko, lehenengoz karea botatzea gomendatu dostie,. Geroago ongarrie (zizare eta zaldiena adibidez) Hau zuzena da?
Ongarria beharrezkoa da ia beti. Karea lurra nolakoa denaren arabera. Biak eman behar izanez gero gutxienez ilargi baten tartearekin egitea gomendatzen da. Zein lehen eta zein bigarren zeuk ikusi, berdintsu dio.
Kaixo Jakoba, Tolosako landare azokan ahabia eta mugurdi horia erosi ditut. Orain aldatu daitezke? Edo oraindik izotz arriskua egon daiteke eta itxoitea hobe? Ilbeheran komeni da ez? Ahabiari buruz irakurri dut, baina mugurdi horiari buruz ezer gutxi dakit. Zer eduki beharko nuke kontutan? Fruituak noizko izango ditugu?
Orain landatzea komeni da. Hostoa galtzen dute eta otsailean egin, beranduenera martxoa erdirako. Ilbeheran egitea da egokiena, bai. Ahabia eta mugurdia berdin zaindu. Eguzkia tamainan, mugurdiak gehixeago jasan dezake. Ongarria urtero eman. Karerik ez eman, lur azidoa atsegin dute eta. Ahabia azkar hasten da ematen agian baita lehen urtean ere. Mugurdiak 2-3 urte beharko ditu.
Kaixo Jakoba, Kainaberak landatu nahiko nituzke terreno batean, nire etxe ondoan dauden kanaberen sustraiak hartuta, zein da garairik egokiena hau egiteko? Eskerrik asko
Kanaberak lurpeko eta lu azaleko errizoma bidez ugaltzen dira. Hori egiten duten landare ia denak bezala udan landatzen dira, abuztuan. Egokiena ilbeheran eta sustrai egunean; aurten 15, 17 goiza eta 18 izango dira. Lurretik atera ahalik eta sustrai gehienarekin eta toki berrian landatu. Uda-udazkena beroa bada lehen urtean ureztatuz lagundu.
Kaixo Jakoba, horietako bi ditut asko handitzen ari dira eta inoiz ez dakit noiz kimatu behar diren. Fruitua udan hasieran ematen dute, ekain--uztailean; horren ondoren, agian? Mila esker
Bai, egokiena fruitua eman ondoren. Izerditan dagoela onena. Hala ere ez da asko kimatu beharreko fruitu arbola. Kimatzen duzun eran fruitua emateari utziko diote. Beraz kontuz, asko ez moztu…
Aupa, Jakoba: Txori gerezi handi baten zain batetik jaiotako gerezia daukat txertatuta (duela 2 urte), arbola handitik 5-6 metrotara. Aldatu egin nahi nuen lekuz, baina ikusi dut ez duela batere zainik, beste arbolaren zain handiaz aparte. Ze etorkizun izango du aldatzen ez badut? Nahiko leku badu handitzeko, baina ez dakit fundamentuzko arbola egingo den ala ahul geratuko den, haizeagatik-eta. Aldatzea ezinezkoa ikusten baitut. Eskerrik asko!!!
Txertatu duzun aldakaitz horrek ez baditu bere sustraiak eman, behar ez dituelako da. Amarenetik tiraka ederki bizi dela esan nahi du. Nahikoa toki izango badu, bere horretan utzi. Gainontzean, kendu eta landatu egin nahi baduzu, otsailean lurraren azpiko eta 20 bat zentimetro gaineko azala urratu eta lurrarekin menditxo bat egin eta uda osoan ondo ureztatuta eduki, Urratu horietan sustraiak emateko joera piztea da helburua. Hurrengo neguaren amaieran sustraiak egin baditu, amarengandik ateratzen den tokitik moztu eta landatu.
Urtarrilaren 29ra arte aipatu duzue ILGORA dugula, ondoren ILBEHERA. Ilargi betea otsailaren 1ean izaki, ez litzateke egun honetatik aurrera hasiko ILBEHERA?
Eskerrik asko,
Ilargiaren Ilgora-Ilbehera zikloa ez dago guk ikusten dugun ilargia handitzeari eta txikitzeari lotua. Hori Ilzahar-Ilberri zikloa da. Ilargi beteren ondoren Ilzahar hasten da, ilargia galtzen edo txikitzen hasten delako. Ilargi berriarekin Ilberri hasiko da, handitzen edo hazten hasten delako. Ahal baduzu begiratu, mesedez, urtero argitaratzen dugun ILARGIA ETA LANDAREAK agenda. Bertan hasieran ilargiaren bi ziklo horiek ederki asko azaltzen dira.
Kaixo Jakoba, ortuen bi kerixa arbola dittugu. Bat duela bi urte lehortuta( azaroan loratu zan ) eta bestea be uste dot lehortuta dauela. Zein izan leike honen arrazoia? gurien 15 urte egon die kerixa ederrak emunez. Merezi ote dau, toki berdinien berrixek sartzie?
Gereziondoak Euskal Herri hezean asko sufritzen du. Hezetasuna medio gaitzak sartzen zaizkio eta urte gutxi bizi ohi da. Pentsatuko duzun bezala 15 urte oso gutxi da gereziondo batentzako, seguruenera hezetasunaren ondorioz hil dira: lurra buztintsua da, lurrak ura hartzen du nonbaitetik, inausi eta zauriak egin zaizkie arbolei… Horiek denek ekartzen dute horrelako panorama. Zeuk ikusi, baina berriak jarriz gero antzeko etorkizuna izango dute. Hala erabakiz gero hezetasuna kendu: lurreak azakiak ireki arbolen inguru handi batean eta itzalak kendu.
Kaixo, Noiz da garairik egokiena Euskadiko kostaldean inausketa egiteko? Eskerrik asko.
Negua igarotzen utzi eta izerdi berria datorrenean kimatzea komeni da. Kostalde epelean martxoa da, jeneralean, sasoi egokiena. Inausi eta bide batez lur berria, ongi ongarritua jari. Inausketan kendutako adar muturrak aldaxka bezala ugaltzeko erabili daitezke.
Kaixo Jakoba! Zure ustez noiz da banbu landareak moztuteko sasoirik oberena gehiago iraunteko?. Mila esker
Urtarrila eta otsaila, hau da negu-negua da nire iritziz sasoi onena. Nire inguruan ikusi dudanagatik esango nuke otsaila hobea dela, eta ilgora. Aurten otsailaren 12ko 13:48tik hasi eta 25a, bera barne, arte izango da.
Kaixo! Jakin nahiko nuke ahabia noiz inausi behar den. Ilargia goruntz edo beruntz doan kontutan izan behar da? Sustrai eguna.... Erantzunaren zai geratzen naiz.
Inausketak, orokorrean, ilbeheran egitea komeni da, batez ere negukoak eta eraketa edo oinarrizko inausketak. Eta bai, ilbeheran eta sustrai egunean. Horrela nahi duzun zatia kendu, nahi duzun begia utzi kimu berria sortzeko, baina ahalik eta energia gutxien kenduta landareari.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545