Astelehenero 8:00etan zure epostan
Askatasunak neurria du. Bizitzeko askatasunak neurria du, neurri zehatza, trikuaren kasuan 13x13 cm2.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Trikua lurretik hurbil gabiltzanon aliatu handia da. Ez dut urrutikoa trikua bere baratzean bizi dela uste duen laguna; uste oker galanta. Bertan habia egin eta ume saldoa haziagatik, trikua ez da toki batekoa. Trikua beti bidez dago, iragaitzaz da. Triku batek gauero bizpahiru kilometro egiten ditu, bikote eta jaki bila. Garbitasun handia egiten du: kakalardo eta bestelako intsektu, bare, barraskilo, zizare, igel, har, sagar, masusta, ziza, sustrai eta abar luze batek osatzen du bere dieta. Bere arerio nagusia azkonarra da, baina zaleak ditu, baita ere, azeria, hudoa eta hontz zuria eta hontz handia.
Bidaiari bizimodu hori moldatzeko lurralde zabalak behar ditu. 30 eta 100 golde lur artean behar dituela esan ohi da, 10-30 hektarea. Lur sail horietan barrena gauero bi edo hiru kilometro egiteko itxiturak ditu trikuak arazo nagusi. Itxitura, itxi, trinkoak trikuaren kartzela dira, eta arerioek harrapatzeko aukera handitzen dute. Maiz, itxitura horietatik askatu nahian errepidera jotzen du; akabo, okerrago. Okerretan okerrena, hala ere, bertan geratzearen ondoriozko endogamia da. Arreba, anai, lehengusina eta abarren artean ugaltzea, kastaren amaieraren hasiera.
Konponbidea erraza da. Itxitura zurrun itxiak diren tokietan beretzako pasabide egokiak ireki; gerratan kaltetuentzako ihesbide izan ohi direnen eran, trikuentzako korridoreak. Korridoreak, baina, beretzako egokia izan behar du eta bere harraparientzako oztopo edo muga. Disko konpaktuaren neurria da gakoa, 13x13 cm2. Trikua malgua da, arantzak jaitsi eta bildu egin ditzake, eta heldu bat ere erraz igaroko da zulo horretatik. Ez, ordea, azeri kaskagogorra, txakurra edo azkonarra. 13 zentimetro ziztrinetan ditu salbazioa, askatasuna eta bizia.
Britainiarren urte luzetako lanaren ondorio da neurri hori, haientzat 5 hazbete. Britainiarrak lidergoan dira trikuen kontserbazioan. British Hedgehog Preservation Society (BHPS) eta People’s Trust for Endangered Species (PTES) elkarteek sustatutako Hedgehog Street ikerketa programa masiboko urteetako jarraipen datuetan oinarrituta, 13 cm x 13 cm-ko (5 hazbeteko) neurria estandarizatu zuten. Batez ere Sophie Lund Rasmussen doktoreak egindako "Habitat zatikatzeari" buruzko ikerketek erakusten dute hesien dentsitatea dela trikuen hiri-populazioen beherakadaren eragile nagusia. Itxituretako zulotxo horiek konektatutako auzoek populazioa egonkortzen edo, are gehiago, handitzen laguntzen dute, baita nahasketa eta aberaste genetikoa berreskuratzen ere.
Badakigu, beraz, zer egin behar dugun. Oraintxe trikuak hibernatzen ari dira, eta itxiegiak diren hesi horietan ateak irekitzeko sasoi aproposa da. Harrituta eta alde ederreko bizipozarekin ekingo diote udaberriko odolberritzeak ekarriko dien susperraldiari. Eta ibilbideen mapa berriak sortu beharko dituzte. Zalantzarik gabe, urteko hizpide nagusia izango da inguruko trikuen artean. Hitz-aspertuetan bizi lurraldearen konektibitate ekologiko berria eta bere soinaren eta arerioenaren arteko biometrian dauden aldeak izango dira gai nagusiak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545